Euskal gehiengo sindikalak deitutako greba egunak bezala, arratsaldeko manifestazioek ere erantzun zabala jaso dute, eta jendetza bildu da Beasainen, Urretxu-Zumarragan eta Legazpin deitutako manifestazioetan. Urretxun, arratsaldean zabalik zegoen Eroski saltokira sartu dira manifestariak. Beasainen berriz, ehunka lagun atera dira kalera, "Eskubide laboral eta sozial duinak, EHak eredu propioa" zioen pankartaren atzetik. Bidean zehar, Ernai gazte erakundeko hainbat kidek parodiak egin dituzte, besteak beste, langabezia, gazteen egoera edota hezkuntza erreforma salatzeko.
Goierriko industria arloko enpresarik gehienak eta kaleetako denda eta tabernak itxita daude. Orokorrean euskal gehiengo sindikalaren greba orokorrerako deiak jarraipen zabala izan du eskualdean. Besteak beste, CAF, Irizar, Orkli, Indar, Bellota, TTT Ejes, Jaso, Guerra, Aluminox lantegiek bat egin dute grebarekin. Administrazio publikoan era nabaritu da; Sasieta Mankomunitateak edota Ordizia eta Beasaingo udalek ez dute lanik egin gaur; ezta bi herri horietako zahar egoitzetan eta Ordiziako Majori kiroldegian ere. Eroski, Lidl eta Carrefour-en moduko saltoki handiek ere ateak itxita zituzten goizean.
Orain artean hondakinen kudeaketaren gaiak Zumarragako jardun politikoan oihartzun publiko handirik izan ez badu ere, PSE-EEk eta PPk elkarrekin agertutako mozio bati esker, herenegungo udalbatzarrak iraun zituen bi orduetan hondakinen kudeaketa mintzagai nagusia izan zen. Mozioak atez ateko sistemaren kontrako adierazpen zehatza egiten du, eta bosgarren edukiontziaren aldekoa.