Eskola txiki, herrigintzan lana handi
Aniztasuna gizarte osoan baldin badago ere, eskola txikietan fisikoki oraindik nabarmenagoa da. Biztanle gutxiko herri edo auzoetako ikastetxeak «handiak dira aniztasunean», Nora Salbotx Haur Hezkuntzako irakasle eta psikopedagogian lizentziadunaren arabera. «Askotan hezkuntza materiala ez da baliagarria, hiriko planteamenduetatik abiatzen delako. Ikasgai-irakasle-ikasle hiruki didaktiko hori gainditu egin behar da, konstelazioetarantz. Gizarte testuingurua, hezkuntza ingurunea, ikerkuntza edo hezkuntza praktikak txertatuta daude hor, eta eragina dute». Hala azaldu zuen apirilean, Donostian emandako hitzaldian.
Izaeraz nahiz osaeraz berezitasun jakin batzuk dituzte eskola txikiek. Ikastetxe publikoak dira, euskaldunak, herrian edo auzoan dauden bakarrak. Sei ikasgela edo gutxiago eduki behar dituzte, eta talde txikiak, gela berean hainbat adinetako haurrekin. Gipuzkoan 26 daude, eta 1.150 ikasle inguru eskolatzen dira horietan.
Ikastetxea dagoen herria ere —normalean biztanle gutxikoa eta landa eremukoa— uztarri berean joan ohi da eskolarekin. Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik da koordinakundearen leloa. Herriko bizitza sendotzea da eskola txikien betekizunetako bat, hezkuntza proiektua ikasgelatik harago zabalduta.
Gipuzkoan sarea osatzen 1987an hasi zen irakasle talde bat, eskola txikien balioaz jabeturik, elkartu eta kalitatezko hezkuntza ziurtatu nahian. «Eskola txikia gaur eguneko eskola da, modernoa. Eskola bakoitza komunitate txiki bat da», diote koordinakundearen webgunean. Ikasleen arteko elkarreragina bultzatzen dute; horrela, hainbat adin eta mailatakoek elkarrengandik ikasteko modua dute.
Festa Olaberrian
Irakasleen arteko lankidetzak ireki zuen bidea, eta sei urte geroago, 1993an, gurasoek osatu zuten herrialdeko elkartea. Bien bitartean, 1988an, urtean behingo festa ospatzen hasi ziren, ekaineko bigarren igandean. Aurtengoa Olaberrian izango da, ekainaren 9an, egun osoan.
Olaberriko herri eskolako ikasle, haur eta gurasoez gain, bertako hainbat talde ari dira egitaraua osatzen. Ikastetxean 42 haur daude 2012-2013 ikasturtean, sei irakasle lanaldi osoz, eta bat gehiago laurden batez. Olaberriko ume gehienak gaur egun bertako eskolara joaten dira, lehen ez bezala. «Urterik urte haur gehiago ekartzen dituzte gurasoek; senideak bertan dituztelako, giroa ikusten dutelako… Ikasle kopurua igotzen ari da. Sendotzen eta egonkortzen ari da eskola», dio Miren Goikoetxea Olaberriko herri eskolako zuzendariak.
Datorren ikasturtea da gorakada horren adibide. Irailean bost haur gehiago hasiko dira Olaberriko eskolan. Hezkuntza eskaintza ere gehituko du ikastetxeak, hirugarren zikloko lehen maila jarriko dutelako. Hurrengo ikasturterako (2014-2015), 6. maila ere irekiko dute, eta Lehen Hezkuntza osoa eskainiko dute.
Festa ekainean den arren, Olaberriko eskola txikikoek urte guztira hedatu dituzte ekitaldiak. Abendutik maiatzera hainbat jarduera egin dituzte: Bizikleta eguna —Gorka eta Jon Izagirre Euskalteleko txirrindulariak eta Guillermo Prieto kirol egokituko Olaberriko txirrindularia aritu ziren—, emakumezkoen futbol lehiaketa —Goierriko eta Gipuzkoako selekzioak, eta Reala aritu ziren—, Olaberria Ezagutzen azoka, eta Olaberria-Lazkao epaiketa antzezlan herrikoia —Olaberria 1804an Lazkaotik bereizi zen—.
Egitarauaren xehetasunak gaur ezagutaraziko dituzte, baina askotariko ikuskizunak eta jolasak iragarri dituzte. Tartean, bazkaria ere bai. Otordua 300 lagunentzat emango dute. Bestetik, Aitor Furundarena soinu jotzaile ordiziarrak abesti bat ondu du eskola txikien omenez, eta doinu horrekin flashmob-a edo dantza-koreografia erraldoia grabatuko dute.
Gogoan dute Iñaki Epelde artista tolosarra ere. Martxoaren 16an hil zen. Lehen hiru festetan Epeldek margotutako kartelak erabili zituzten festa iragartzeko.
Aldundiarekin hitzarmena
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eskola Txikien Koordinakundeak laguntza hitzarmena sinatu zuten aurreko astean. Olaberriko festa antolatzen laguntzeko 8.000 euro jarriko ditu aldundiak.
Eskola txikiek Gipuzkoaren garapenean eta etorkizunean duten garrantzia nabarmendu zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak, Olaberriko ikasleei foru jauregian harrera egiterakoan: «Berebiziko garrantzia ematen diegu bai herri txikiei, bai eskola txikiei. Eskola txikietan balio asko gordetzen dira, agian eskola edo herri handietan galtzen direnak. Eskola txikietan gotorlekua daukazue. Zaindu zuen herria, egon eta bizi zuen herrian», esan zien Olaberriko haurrei.
Aldundiaren iritziz, eskola txikien eta festaren helburuei esker jarraitzen dute Gipuzkoako landa eremuetan ikastetxeek. «Halako egitasmoek Gipuzkoaren nortasunari eusten laguntzen dute».