Goierriko turismo industriala aztertzen ari dira Gerriko Bekarako
XVI. Gerriko ikerlan beka Galder Guenaga eta Goizalde Hernandok lortu zuten, eta horretan murgilduta daude orain. Turismo industriala Goierrin: Enpresak bertatik bertara bisitatzearen onurak izena eman diote euren proiektuari eta izenak esaten duen bezala, Goierriko enpresak bertatik bertara bisitatzeko turismo potentzialik duen aztertzen ari dira.
Bide honetan hiru agente motarekin bilduko dira: bisitari edota turisten ikuspegia, arduradun turistikoen eta, oro har, agintari publikoen ikuspegia eta enpresen ikuspegia aztertuko dituzte. Hiu eremu hauek aztertzerakoan, Goierriko enpresei inkestak bidaliko dizkiete, eta gaurko prentsaurrekoa erabili dute enpresa horiei “mesedez inkesta hori bete dezatela eskatzeko”.
Proiektu honen barruan zer asmo dituzten azaldu dute gaur goizean, Beasaingo Igartza jauregian egin duten prentsaurrekoan eta beraiekin izan dira Gerriko Elkarteko Joxepa Madariaga eta Igor Eguren Goiturreko lehendakaria. Azken bi hauek ere, proiektu honen garrantzia azpimarratu dute. Egurenen esanetan “ikerketa honek turismo industriala sustatzea espero” dute eta “beraien aldetik laguntza eta lankidetza erabatekoa” izango dela azaldu du. Madariaga ere uste berekoa da eta “orain arte kontuan hartu gabe geunden altxor bat aurkitu eta lupa hartuta txokoz-txoko bila” ibiliko direlakoan dago proiektu honekin.