Herrian produktu berdeak sustatzeko kanpaina abian da
Puntu berdea non ote? izenburupean herriko dendetan produktu berdeak sustatzeko kanpaina martxan jarri berri dute Legazpin. Legazpiko Udalaren eta herriko merkatarien ekimenez sortu da kanpaina, eta datorren ekainaren 10era arte egongo da indarrean.
Legazpiko Udala 2008an hasi zen herrian produktu berdeak sustatzen. Igor Urrate Agenda 21eko zinegotziak kanpainaren aurkezpenean esandakoaren arabera, «produktu berdeak saltzen dituzten dendak identifikatu eta hauek ezagutzera ematea da helburu nagusia». Kanpaina dagoeneko abian da eta datorren ekainaren 10era bitartean egongo da indarrean. Kalean, puntu berdeak eta hanka-arrasto laranjak jarri dituzte, herritarrak produktu berdeak saltzen dituzten dendetara eramango dituztenak. Etzi, zenbait dendek kalera aterako dituzte euren produktuak.
Produktu ezberdinak aukeran
Guztira, 14 dira kanpainan parte hartzen ari diren dendak, produktu ezberdin eta askotarikoak saltzen dituztenak: Aierdi, Algar argiztapena, Apatxo liburu denda, Attiko estudio grafikoa, Coro Paternain ileapaindegia, Creativos GH, Alkain elektronika, Txomin iturgintza, Lanbroa bi belar denda, Jokiñe lentzeria, Alfredo pinturak eta Mari Carmen eta Nafarroa kaleko eta Laubideko Sustrai fruta dendak.