Jose Beut valentziarra garaile Ordiziako Nikolas Lekuona argazki lehiaketan
Estatu mailako Nikolas Lekuona argazki lehiaketaren bigarren edizioan Jose Beuten (Valentzia) lanari eman zioten lehen saria. Miquel Planellsek (Girona) eta Jose Larak (Cordoba) lortu zituzten bigarren eta hirugarren, urrenez urren. Sariketa nagusian Ordiziako Ortzadar Elkarteko kideen lanik onena Beasaingo Javier Quirosen ‘Marinela’ aukeratu zuten. Era berean, bigarren sariketa batean Ordiziako txokoak gai hartuta, Quiros beasaindarrari eman zioten saria berriro ere.
Aurreko ostiralean egin zuten Barrena Kultur Etxean Ortzadar Argazki Elkarteak antolatutako lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Argazkilariek aurkeztutako lanak ikusgai egongo dira Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan ekainean zehar. Otzadar Elkartearen blogean ere argazkia albuma osatzeko asmoa dute.
Guztira, 80 argazkilariren 270 lan jaso dituzte aurtengo lehiaketan. Partehartzearekin «gustura», antolatzaileek urrengo urtean ere lehiaketa izango dela ziurtatu dute.