Lander Sobero gogoratu eta inguruak ezagutzera emateko mendi paseoa
Legazpiko mendi eta landa ingurunetik barrena antolatu dute hirugarren urtez Lander Soberoren omenezko Mendi Paseoa Legazpin. Datorren igandean egingo dute ibilaldia, Hegialdeko jaien atarian. Iñaki Lizarralde antolatzaileak esan duenez, «Lander laguna oroitzeaz gain, bertako eta inguruko mendizaleei Legazpiko inguruak ezagutzeko aukera ematea» dira ekimenaren helburu nagusiak.
Izen ematea jada zabalik
Igandeko irteera «edozeinek egiteko modukoa» da. Guztira «15 bat kilometro inguruko ibilbidea antolatu dugu, lau ordutan lasai egin ahal izatekoa». Laubiden emango diote hasiera mendi paseoari, 9:00etan. Handik, pistatik gora Korostiko gaina egin arte. Ibilbidea orokorrean erraz egiteko modukoa den arren «Korostira arteko bidea aldapatsua» dela aurreratu du Lizarraldek. Korosti izango da ibilbidearen puntu gorena. Handik Jentiletxe eta Arrolatik barrena Lakiolara arte jarraituko dute, berriz, Laubiden amaitzeko.
Ibilbideak Legazpiko eta inguruetako parajeez gozatzeko aukera ematen du, «Korostiko gainetik, Aizkorriko mendi kate osoa ikusten da egun argietan, baita Brinkola eta Telleriarte auzoak ere». Bidean, basoak zeharkatuko dituzte eta Korostira bidean «tumulu bat ikusteko aukera» ere izango dute parte hartzaileek.
Bi anoa postu egongo dira ibilbidean zehar. Lehenengoa Korostin «fruta eta edatekoa izango dira aukeran». Bigarrena Lakiolan jarriko dute «pintxo ezberdinak eta saldarekin, besteak beste». Amaitzeko, Laubiden txosnan mokadutxo bat egiteko aukera ere egongo da. Izen ematea zabalik dago jada, 12 eurotan Laubideko Goierri, Maiatza, Intsausti eta Gure Kabia tabernetan. Egunean bertan 13 euro ordaindu beharko dira.