Herriartekoan Beasain, Ordizia eta Olaberria soilik geratu dira bailarakoak
Galbahe lan handia egin du Goierriko taldeentzat aurreko asteburuan bukatu den bigarren kanporaketak. Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan Beasain soilik geratu da bailarako ordezkarien artean, eskuz; palan, Ordiziak Lazkao kanporatu du, eta finalaurrekoetan Olaberriarekin jokatuko du finalerako txartela.
Esku huskako adarrean, Ataunek ezin izan du Azkoitiarekin, eta final zortzirenetan amaitu zaio aurtengo bidea. Itzuliko neurketetan, Azkoitian, hiru partidak galdu zituzten ataundarrek: 22-5 kadeteek, 22-11 jubenilek eta 22-20 larriek.
Hain zuzen, Ataun bazterrean utzi duen Azkoitia Beasaini egokitu zaio, final-laurdenetako koskan. Final-laurdenetako joanekoa Antzizarren jokatuko dute Beasainek eta Azkoitiak, bihar osteguna 19:30ean hasita.
Beasainek Zaldibia kanporatu du, ozta-ozta bada ere. Ostiralean, Antzizarren, partida bakarra irabazi zuen Beasainek, kadeteena (22-17). Jubeniletan (20-22) eta nagusietan (17-22) Zaldibia nagusitu zen. Hiruna partida irabazita geratu da kontua, eta tanto kopuruak ebatzi du: hiru tantogatik, Beasain aurrera (119 tanto, zaldibiarren 116ren aldean).
Palan, berriz goierritarren arteko derbia izango da: Ordizia-Olaberria. Finalaurrekoetan da adar hori, eta horrenbestez finalean Goierriko talde bat ariko dela ziurra da. Joaneko jardunaldia Ordiziako Beti-Alain jokatuko da, ostiralean 20:30ean.
Asteburuan, Ordiziak Lazkao kaleratu du (3-1 orokorrean), eta Olaberriak Deba (4-0).