Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina azken txanpan da
Topaguneak eta herrietako euskara elkarteek antolatutako Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina azkeneko hilabetean sartu da. Apirilean hasi zen, eta ekainaren 30ean bukatuko da. Liburuak erosteko deskontu aipagarriak lor daitezke, ekimenaren bidez.
Lehendabizi, herriko liburutegi publikoan maileguan hartutako liburu bat irakurri behar da; hari buruz fitxa txiki bat bete, iruzkintxo batekin, eta hura entregatze soilagatik deskontu txartela jasoko du irakurleak. %25eko deskontua da orokorrean, euskara elkarteetako bazkide direnentzat %50era iristen dena. Liburu-dendan erabili behar da.
Goierrin bost herritan jarri dute kanpaina: Ataun, Beasain, Lazkao, Ordizia eta Zaldibian.
Erosketa txartela zotz eginda
Lazkaoko Gerriko elkarteak kanpaina «indartsu» doala esan du, «jende asko ari da parte hartzen». Ostiralean erosketa-txartel bat zotz egin zuten, 30 eurokoa. Mikel Garmendia 10 urteko mutikoari egokitu zaio oparia, liburuetan gastatzeko. Wyomingeko (AEB) David Romtvedt musikari, unibertsitate irakasle eta euskaldun berriak soinua jo zuen, ekitaldia alaitzeko, Gerriko aurrean.