Kulturen arteko II. Eguna antolatu du Oripavik uztailaren 6rako
Legazpin kulturen arteko harremanak sustatzea helburu hartuta, bigarren urtez antolatuko du Oripavi elkarteak Kulturen Arteko Eguna. Uztailaren 6an izango da aurtengoa, eta egun osoko festa dute dagoeneko prestatuta. Gentzane Arruabarrena elkarteko koordinatzaileak esandakoaren arabera munduko leku ezberdinetako gastronomia, artisautza eta musika izango dira Kulturen Arteko Egunaren funtsa.
Legazpin, 33 jatorri ezberdinetako herritarrak bizi dira gaur egun, eta «bertakoen eta kanpotik etorritako herritarren arteko harremanak sustatzeko» beharretik sortu zen iaz, lehenengo Kulturen Arteko Eguna. Festa egun bakarrera mugatzen den arren, egunerokoan eragina izatea da asmoa, jatorri ezberdinetako herritarren arteko harremana «ahalik eta modu naturalenean» eman dadin bilatzen duena.
Uztailaren 6an Euskal Herria plazan kokatuko dituzte egun osoan zehar luzatuko diren ekintzak. Goiz osoan zehar «gastronomia eta artisautza azoka» egongo da plazan. Euskal Herriko zein «Hego Amerikako, Afrikako eta Asiako» produktuak dastatu eta erosteko aukera egongo da bertan.
Folklorea eta musika ere bai
Merkatuak irauten duen bitartean, Marea Berdea lasterketa herrikoia egingo dute herriko kaleetan zehar. «Atletismo, patinatzaile eta motorzaleen taldeek eta Sorgintxulo taldeak» hartuko dute parte, besteak beste. Eguerdian «haurrentzako kultur arteko jolasak antolatuko ditu Sorgintxulok», eta Xabier Aierdik hitzaldia eskainiko du.
Goizari amaiera emateko 14:00etan gastronomia dastatze herrikoia antolatu dute. Arratsaldean gazteei zuzendutako Expression point eztabaidatzeko gunea antolatu dute. Baita folklore eta tradiziozko dantzen erakustaldia ere, «Euskal Herriko, Boliviako edo Senegalgo dantza herrikoiak» izango dira aukera. Gauean, kontzertua eskainiko dute Sutan Ttakun, Sanba Dzanga, Ada Begi eta Trikoma taldeek.