Olaberria prest da igandean Gipuzkoako Eskola Txikien festa egiteko
Gipuzkoako Eskola Txikien 26. Festa igandean Olaberrian ospatuko da. 25 eskola txikitako ikasle, irakasle eta gurasoak elkartuko dira, urteko jaialdian. Duela 25 urte, 1988an Bidanian hasitako ohiturari segiz. Olaberrian bi mila lagun inguru espero dituzte.
Egun osoko festa izango da, 11:00etatik iluntzera arte. Haurrak izango dira ardatza, eta aldarrikapena eskola txikien biziraupenaren garrantziaz jantziko dute: Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik da leloa festak, beste behin.
Olaberriko herri-kasko osora zabalduko dute festa, hainbat gune bereizita. Arratsaldean eskulanak eta jarduerak egiteko txokoak egongo dira: aurpegi margotzea, apaingarriak egitekoa, zirkoa (6 urtetik gorakoentzat), malabareak, eskalada, sua egiten ikasteko saioak (15:30ean eta 16:30ean), arku tiraketa (16:00etan eta 17:00etan), grafitia egitea (9 urtetik gorakoentzat, arropa zaharra eraman behar da), zaldi-gurdian ibiltzeko aukera beheko aparkalekuan eta puzgarriak eliza atzean.
Eguerdian, bertan bazkaltzeko modua izango da. Bertako jatetxeez gain, catering bidez kanpotik jana ekarriko dute, 300 lagunentzat. Frontoian da bazkaria.
Janaria etxetik eramango dutenek Arrieta azpiko aparkalekuan eta parke txikian edukiko dute lekua. Mahaiak jarriko ditu antolakuntzak. Ogitartekoak ere salduko dituzte Arkupe elkartean.
Bestetik, udaletxean kontsigna jarriko dute gauzak uzteko, eta kaskoko lau tokitan komunak.
Zirkulazioan aldaketak izango dira. Larunbatean, 15:00etatik aurrera, kaskora sartzeko bide bakarra San Joan kalea izango da, Bikario-etxeko ohiko sarrera itxi egingo baitu udalak. Igandean, kaskora sarrera erabat itxita egongo da, 08:00etatik 20:00etara. Irten, Santa Lutziako errepide berritik egin ahalko da.
«Asko dugu ospatzeko»
Olaberriko Kuttun guraso elkarteko Leire Azkonak aurreratu du herriko eskolak «asko» duela ospatzeko. Iaz jaso zuten aurtengo festa antolatzeko ardura, eta hasieran «errespetu handia» eman bazien ere, azken urteotan herriko eskola bizitzen egindako lana erakusteko momentu egokia da. «Olaberriko gure eskola txikia inoiz baino biziago dago. Horrez gain, herrira begira jartzeko eta herritarrak eskola ingurura erakartzeko aukera da».
Gaur egun 42 ikasle ditu Olaberriko eskolak, eta sei irakasle eta laurden. Lau gela ditu, udal pilotalekuaren alboko eranskinean. «Datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako azken zikloa irekiko dugu, 5. mailarekin. Ikasle bat izango da, eta hark irekiko die bidea besteei. Hala, 2014-15 ikasturtean 6. maila izango dugu, eta Olaberriko ikasleek aukera izango dute Lehen Hezkuntza osoa herrian bertan egiteko», azaldu du Miren Goikoetxea zuzendariak.
Elkarlana bere fruituak ematen ari dela gehitu du. «Horrekin harro sentitzen gara. Gure haurrei, kalitatezko hezkuntza bat ematen saiatzen gara, baina baita aniztasunean hezteko aukera ere, giro goxoan, naturarekin eta nekazaritza munduarekin harremanetan, euskaraz eta herrian».
Festaren aurkezpenean izan ziren, ostiralean, Gema Gonzalez de Txabarri Hezkuntzaren ordezkaria, Nagore Iñurrategi Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundearen lehendakaria, Mikel Goñi eskola txikietako irakasleen koordinatzailea, Imanol Zubizarreta Baikararen koordinatzailea, eta Jokin Garmendia alkatea. Guztiek txalotu zuten eskola txikien lana eta izatea. «Ekainaren 9an asko dugu ospatzeko», borobildu zuen mezua Azkonak.
Bukatzeko, Maddi Amoztegi eta Iker Gonzalez haurrek paper handi batean idatzitakoa erakutsi eta ahots gora errezitatu zuten: «Guztion elkarlanari esker, gure herrian hazi, hezi eta bizitzeko aukera dugu».
Egitaraua
Ekainak 9, igandea
- 11:00. Ongietorria, plazan.
- 12:30. Jokoak, adin askotako jendearentzat. Lastozko parkea haur txikientzat.
- 14:00. Bazkaria. Katering-a frontoian, jana dakartenek plaza txikian edo beheko parkean.
- Ondoren. Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldea.
- 15:30-17:30. Txokoak.
- 16:30. Fruta jatea, Jundajo txarangarekin.
- 17:30. Jon Magic magoa.
- 18:30. Kalejira, Jundajorekin.