![pnga_erakutsi-3](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/06/pnga_erakutsi-35.gif)
Maiatzaren 6an hasita, auzoka egin den parte hartze prozesuko bileretan hartu diren erabakiekin zehaztu dituzte Ordizian atez ateko bilketa sistemaren nondik norakoak. Atzo eta gaur, Herri Antzokian egiten ari diren batzarretan eman diete herritarrei prozesuan jasotako puntuen berri. Ordiziako alkate Igor Egurenek eta Sasieta Mankomunitateko lehendakari Azeari Andonegik prentsaurrean agertu dituzte xehetasunak gaur goizean.
Bakoitzaren kuboak non utzi eta egutegi zein ordutegiaren berri eman dute. Hala, norbanakoen kubo urdinaren ordez, komunitateko edukiontzia erabiltzea adostu dute. Bestalde, komunitate bakoitzak aukera izan du bere atariko gunea nolakoa izango den erabakitzeko. Bizilagun gutxiko hainbat etxebizitzek, zintzilikariorik gabe, lurrean utziko dituzte edukiontziak. Etxebizitza askokoetan aldiz, zintzilikarioak erabiliko dira.
Bilketarako egutegiari dagokionez, astelehenetan papera eta kartoia bilduko dira; astearte, ostiral eta igandetan, organikoa; asteazken eta larunbatetan ontzi arinak; eta ostegunetan, birziklatu ezin den errefusa. Pardel eta konpresak egunero atera ahal izango dira, kuboen barruan zein gainean aparteko poltsa batean. Ordutegia berriz, 20:00etatik 23:00ra izango da. Landa guneko bizilagunek Garbigunea erabili beharko dute hondakinak gaika sailkatuta uzteko. Badira orain arte bezala jarraituko duten zerbitzuak ere. Beira gaur egungo edukiontzietan bilduko da; baita pilak, erropa eta sukaldeko olioa ere.