
Ordizian txartela duten bezeroei eta urte guztian zehar Ordiziara inguratzen diren bisitariei zuzendutako ekimenak aurkeztu dituzte gaur goizean D’elikatuzeko arduradun Leire Arandiak, udaleko zinegotzi Juan Mari Gereñuk, merkataritza teknikari Aitor Velazquezek eta Ordizian Elkarteko kide Esti Ruanok.
‘Ordizian, ate irekiak 2013’ deitu duten ekimenean D’elikatuz zentroa bisitatzen duten pertsonei zuzendutako eskaintza txartela izango da protagonista. Txartel hau informazio turistikoak, saltoki parte hartzaileen kale-planoak eta beste hainbat eskaintzek osatzen dute. Bisitariek txartel bana jasoko dute ekainaren 17tik aurrera.
Hala, txartel horren bidez lor daitezkeen abantailen artean deskontuak, erosketa-txartelak eta beste hainbat opari eongo dira. Ekimenean parte hartuko duten saltokiak ‘Ordizian, ate irekiak’ irudiarekin identifikatuta egongo dira.
Leire Arandiak emandako azalpenen arabera, iaz Ordiziako D’elikatuzetik 9.500 bisitari inguru pasa ziren. Harrera ona egiteaz gain, Ordiziako denda eta tabernetan kontsumi dezaten erraztasunak ematea izan dute helburu. «Bertako ekonomiaren dinamizaziorako aukera paregabea dela iruditzen zaigu», zioen Arandiak. Hala ere, bertako kontsumitzaileak ez dituzte ahaztu nahi izan; «beraiek baitira bertako merkataritza eta ostalaritzaren biziraupena ziurtatzen dutenak».
Horregatik, Aitor Velazquezek azaldu duenez, ekainaren 17tik 30era Ordizian txartela duten herritarren artean zozketa bat egingo dute: D’elikatuz zentrora bisita gidatua eta bi pertsonentzako bazkari edo afariaz osaturiko saria.