Bixente Eskisabel kablelaria
Ataunen ospetsuak dira belar kableak. Malkar arteko haranean egonda, aldapa pikoetako belardietatik belar sortak ganbararaino zuzenean garraiatzeko erabiltzen zituzten. Lourdes Altunaren Kablea Ataunen liburuan 197 kable daude katalogatuta. Gaur egun gutxi batzuk daude erabilgarri. Aitzindaria, ekarlea eta muntatzailea ataundar bat izan zen, Bixente Eskisabel Urbiztondo.
San Gregorioko Artaditxulo baserrian jaio zen Eskisabel, 1899ko abuztuaren 21ean, eta Iruñea hil, 1955eko martxoaren lehenean, erabat argia ez den egoera batean —bezero baten zorra kobratzera joan, eta Takonera parkean hilda aurkitu zuten—. XX. mendearen erdian enpresari garrantzitsu izatera iritsi zen, bere esanetara 200 bat langile edukitzeraino.
Kablelaria zen Eskisabel. Egurra nahiz belarra garraiatzeko kableak muntatzen zituen, beste inor edo ezer iritsi ezin zen parajeetatik. Ideia nondik hartu zuen ez dago garbi, baina orain haren biloba Xabier Eskisabel eta Inazio Munduate ataundarra Bixente Eskisabelen lana argitzen saiatzen ari dira. 2011ko udaberrian hasi ziren araka, kablelaria eta kablegintza ikertzen.
«Kableena Europa guztian oso hedatutako garraio sistema zen, batik bat Alpeetan. Euskal Herrian, lehenengo kablea Nafarroa Behereko Mendibe herrian jarri zuten, 18 kilometrokoa, Iratiko oihanetik Pedelucq anaien zerrategira egurra eramateko. 1927an ireki zuten. Sistema muntatzeko Italiatik Moretti anaiak ekarri zituzten. Gure susmoa da aitona zenak, nola edo hala, han ikasi ote zuen kablearen muntaia. Baina ez daukagu ziurtasunik», dio Xabier Eskisabelek.
Ataunen ikusten ohitutako kableen aldean erraldoiak eraiki zituen Eskisabelek. Irati aldean lan asko egin zuen. Oroz-Betelu herria izaten zuen oinarrizko kanpaleku. Pirinioetan harago ere jardun zen, edo Cazorlako mendizerran (Jaen, Espainia), Marokon (Espainiaren menpekoa zenean)… 14 edo 15 kilometro luzeko sistemak muntatzen zituen. Ataunez gain, Arriaranen (Beasain) edo Asteasun (Gipuzkoa) baziren Eskisabelek jarritako kableak, baita Aralarren nafar aldean ere, Malloetan-eta. Bestetik, Ataunen gazte askori erakutsi zien langintza Eskisabelek.
Kable teknologiak loraldia Bigarren Mundu Gerraren ondoren izan zuen. «Espainia autarkia ekonomiko batean zegoen, ez zeukan ez gasolina, ez eraikuntzarako porlan, ez ezer. Egurraren ustiapen masiboa gertatu zen», dio Eskisabelek.
Ekonomiaren piztaile
Aparraldi hura baliatu zuen kablelari ataundarrak, 1930, 40 eta 50eko hamarkadetan, 20 edo 30 urteko boom-a. Ondoren, kamioien sarrerarekin eta mendi pistak zabaltzearekin, hazi bezala hustu zen negozioa. Sona handia hartu zuen Bixente Eskisabelek. «Haren lana kable instalazioak egitera mugatzen zen, eta egurraren garraioa egitera. Ez zuen basorik erosten». Garraioa bukatu, eta beste norabait eramaten zuten instalazioa.
«Anso haraneko (Huesca, Espainia) herritarrek esaten dute herri hura gure aitonari esker atera zela aurrera. Oraindik badaude langintza ezagutu zuten pertsonak, 80 urtetik gorakoak. Esaten dute, 1940ko urteetan mendietan bazutela aberastasun bat, egurra, baina ez zutela modurik hura ustiatzeko, industrialki eta azkar. Aitona izan zen Ansori ekonomikoki buelta eman zion aukera».
Formazioz ez zuen ikasketa tekniko berezirik. «Baserriko semea zen, ez ingeniaria, ez ezer. Ezagutu zutenek diote bazuela halako iaiotasun bat; mandoa hartu, mendira igo, buelta bat eman, eta kablea gutxi gora-behera nondik joan behar zuen esateko gai zela. Sena zeukan, mendia ezagutzen zuen. Horrek ahalbidetu zion izugarrizko enpresa osatzea». Oraingoz, ordea, enpresa haren paperik edo agiririk ez dute aurkitu. Berriki, Iratiko oihanean lan egin ahal izateko salbokondukto bat aurkitu dute, Nafarroako Epaitegi Nagusiko artxibategian.
Eskisabel eta Munduate Euskal Herrian barrena dabiltza ikerketan. Morettitarren ondorengo bat elkarrizketatu dute Mugerren, Jean Moretti; artxibategiak arakatu dituzte; eta kableak zeuden parajeetan ibili dira —oraindik aztarnak badira—. Aurkikuntzen berri eta arloari buruzko informazioa blog batean ipintzen ari dira.