Gaur eguerdian eman dituzte Santa Isabel jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketaren sariak. Julen Izagirrek irabazi du bigarren urtez argazki bat oinarri duen irudiarekin. Argazkian dantzari baten eskua ikusten da ezpata dantzarien txapel gorria helduta duela. Zuri gorriak nagusi dira irudian. “Aurten zerbait ezberdina egin nahi nuen, eta Irrintzi taldeko dantzari lagun bati deitu nion, ezpata dantzari jantziak janzteko eskatu, eta argazkiak egin nizkion”, esan du irabazleak. Ezpata dantzari hori Eneko Galdos izan zen, Irrintzi taldeko kidea da, eta uztailaren 2an kapitain lanak egin izan ditu Antio barruan dantzatzen duten ezpata dantzan.