Iraganeko erronka baten itzalean
Hirurogei urte egin behar da atzera Ordiziako herria eta Txindoki mendia joan-etorrian lotzeko egin zen lehen ahaleginari buruz hitz egiteko. Pedro Aierbek Juan Jose Rezola itsasondoarrari erronka bota zion, ezetz ibilbide hori hiru orduren azpitik egin. Rezolak erronka onartu zuen. Txuleta bat zegoen jokoan. 1953ko irailaren 6a zen. Juanito Ormazabal senidea lagun zuela abiatu zen Rezola, 08:00etan. Jendez gainezka zegoen Ordiziako Gudarien Etorbidea. Larraitzera bizikletarekin igotzeko 22.30 minutuko denbora behar izan zuen; Txindokira korrika igotzen 48 minutu, jaisten 18; eta Ordiziara bizikletaz itzultzen 13.30. Denera, ordubete eta 42 minutu. Apustua, bistan denez, Rezolak irabazi zuen. 46 urte zituen, 170 zentimetroko garaiera eta 48 kiloko pisua. Hilaren 15ean gogora ekarriko dute balentria hura Ordizia-Txindoki-Ordizia duatloiarekin, baita gero Iñaki Maiorak egindakoa ere.
Rezolaren balentriaren ondoren, askok eta askok egin zuten Itsasondokoaren marka ontzeko ahalegina; hori bai, isilpean. Hogeita bost urte geroago, Iñaki Maiora txirrindulariak (Ormaiztegi, 1954) heldu zion erronkari. Profesionaletako lehen urtean, 1975. urtean, Ordizian jokatu zen Espainiako Ziklo-Kros txapelketa, eta hirugarren sailkatu zen; Rezolaren marka ontzeko desafioari baietza eman zionean, berriz, Kas talde ezagunean ari zen.
«Inguruak bultzatutako kontu bat izan zen. Orduan, gure garaiko giroa kirola zen, kirola eta mendia. Goierri eskolan ikasi nuen, Ordizian, eta orduan sortu zen eztabaida kuadrillan, Rezolak egindako marka nik hobetu nezakeela, ez nezakeela…». Ziklo-krosa zen haren kirola, eta neguko denboraldia prestatzeko proba hori egitea ondo letorkiokeela pentsatuta, aurrera egitea erabaki zuen.
«Txapel-Gorri elkarteko Sanz eta Etxebarrietarrekin harremana banuen; proba egin nahi nuela esan nien, eta ea haiek lagunduko ote zidaten galdetu nien. Haiek prest zeuden, eta haien ilusioak eta nireak bat egin zuten».
Uda baliatu zuen prestaketa egiteko. Partzialak egin zituen lehendabizi, eta nabarmendu du ibilbide osoa erronka baino astebete lehenago soilik egin zuela. 1978ko irailaren 24a izan zen eguna. Han azaldu zen Maiora Ordiziako Olano tabernaren parera, praka motz urdinak eta Bai Euskarari lelodun elastikoa soinean, eta oinetako eta eskularru parea jantzita, «bizikletari eta harkaitzei heltzeko». Jose Mari Riaño —autoarekin— eta Angel Mari Mujika Etxabu lehengusua izan zituen laguntzaile. Ordiziako Gudarien Etorbidea jendez gainezka zegoela abiatu zen, 09:00etan.
Larraitz barrenera iristeko 17.54 minutuko denbora behar izan zuen; Txindokira 41 minutu eta 43 segundoan igo zen; jaitsi 15 minutu eta 13 segundoan; eta Ordiziara bizikletaz 11 minutu eta 38 segundoan. Azken denbora: 1.26.28, Rezolak baino 16 minutu gutxiago. «Zaldibiatik Ordiziarako tartea izan zen niretzat okerrena, bete-bete eginda nindoan. Gainera, beherakoan tatxetak ere bota zituzten errepidera —apustuak egindako jendeak seguru asko—, baina nik ez nuen zulaturik izan».
Marka onduz gero, penarik ez
Apustu asko jokatu ziren garai hartan, eta, Maiorak dioenez, Ormaiztegi aldean ere izan zen «diru dezente irabazitako» jenderik. «Guk ez genuen ezer jokoan, eta nire kirol bizitzan ere ez dut apusturik egin. Hori bai, lauzpabost kilo galdu nituen proba horretan, eta argi esan dezaket nire kirol bizitzako esfortzurik handiena orduan egin genuela». Oraindik ere jende askok gogorarazten dio balentria hura Maiorari. Bihar zortziko duatloian norbaitek bere marka ontzea gustatuko litzaiokeela dio. «Inori ez zaio gustatzen norberaren markak haustea, baina 35 urte dira, eta egiten duenari nik emango diot lehen besarkada». Gakoa gorakoan denbora irabaztea izango da.