Aurtengo Baserri Eguneko protagonistak emakume baserritarrak izango dira
Igandean Baserri Egunaren bosgarren edizioa ospatuko dute Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian, eta aurtengo festaren ardatza landa inguruneko emakumeak izango dira.
Baserri Eguna 2009an antolatu zuten lehenengoz, baserritarren lana goraipatzeko, eta aurten, lehenengoz, gai bat ardatz hartzea erabaki dute. «Aspalditik emakume baserritarrei buruzko zer edo zer egiteko gogoa genuen, eta Baserri Eguna erabiltzea erabaki dugu», aipatu du Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduradunak.
Igartubeitikoen ustez, lana ingurunean bizi diren emakumeek omenaldia merezi dute: «Euren lanak ez duela merezi duen aitorpena jaso uste dugu». Hala, emakumeen ekarpena oso garrantzitsua dela dio Ugarteburuk. «Euren lana funtsezkoa izan da eta da, eta gaur egun askok negozioak ireki dituzte baserrian».
Gaur egungo eta garai bateko emakume baserritarren omenez, hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Festa 11:00etan hasiko da igandean, Paisaia eta memoria: Ezkio-Itsasoko emakumeak argazki erakusketaren inaugurazioarekin. Aukeratutako 25 irudietan herriko emakumeak ageri dira. «Argazki guztiak joan den mende erdialdekoak dira eta hiru ataletan banatuta daude: aisia, lana eta erretratuak».
Argazki horiek guztiak udalak bildu zituen duela urte batzuk, baina askotan informazioa falta da eta panelak jarriko dira herritarrek datuak jarri ditzaten. Argazkietan ageri direnen izenak, adibidez.
Gainera, Ahotsak egitasmoko arduradunek herriko bi emakumerekin grabatutako elkarrizketak ikusi ahal izango dira. Bi bizilagun horiek baserriko lanari buruz hitz egin zuten.
Erakusketaz eta ikus-entzunezkoaz gain, ukenduak egiten ikasteko tailerra, Bergarako Lamaino Etxeberri landa-etxeko Maite Aristegiren hitzaldia eta asteazkenero Ordiziako azokara joaten diren emakume baserritarrei buruzko Gaur zortzi azokan dokumentalaren emanaldia antolatu dituzte. Gainera, bisitariek doan bazkalduko dute: ajoarrieroa. Tailerra 11:15ean hasiko da, hitzaldia 13:00etan eta emanaldia 15:00etan.
Ukendu tailerra Itziar Salegi naturopata eta aromaterapeutak emango du eta parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, 943 72 29 78 telefono zenbakira deitu behar da edo igartubeiti@gipuzkoa.net helbide elektronikora mezua bidali.