
Larunbatean eta igandean goi tentsio lineari buruzko herri galdeketa egingo dute Gabiria, Mutiloa eta Zerainen. Mahaiak plazan jarriko dituzte eta hiru herri hauetan erroldatuta dauden 18 urtetik gorakoek eman ahalko dute bozka. Larunbatean 19:00etatik 21:00etara eta igandean egun osoan zehar, 19:00ak arte.
Galdeketak herritarrek antolatu dituzte eta Nafarroako 33 herri eta kontzejutan ere egingo dira. Bozka emateko nortasun agiria aurkeztu behar da. Kontaketa igandeko 19:00etan hasiko dute eta lau goierritar ezagun arduratuko dira lan horretaz: Iñaki Mendiguren idazle eta itzultzailea, Elisabete Garmendia kazetaria, Iñaki Murua bertsolaria eta Inazio Usarralde euskaltzalea.
Kontaketa egin ondoren, botoak Nafarroako Arazuri herrira eramango dituzte. Bertan guztiak bilduko dituzte eta REE Red Electrica de España enpresari eta Industria eta Energia Ministerioari helaraziko dizkiete.
Goi tentsio linea berriaren aurkako plataformako kideek gaur eman dute herri galdeketaren berri, Mutiloako pilotalekuan. Ekitaldian hiru herrietako bizilagunek parte hartu dute eta Asier Agirre gabiriarrak irakurri du testua.
REEk lehen azterketa 2011ko abuztuan aurkeztu zuen eta, plataformak proiektuaren aurka jende asko bildu duen arren, enpresak ez du atzera egiteko arrazoirik ikusten. Hala, enpresak dagoeneko behin betiko trazatua aurkeztu die egitasmoak kaltetutako udalei.
Linea berriak 127 kilometroko luzera eta 50 metroko zabalera izango du eta Castejonetik (Nafarroa) Ezkio-Itsasora joango da. Goierriko sei herritatik (Gabiria, Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerain) eta Partzoneriako lurretatik pasatuko da.
248 poste jarriko dituzte, horietatik 28 Goierrin. Posteen altuera 50 eta 80 metro artekoa izango da. «Gure lurraldea malkartsua dela kontuan hartuta, inpaktoa oraindik eta handiagoa izango da».
Gainera, linea herrietatik gertu pasatuko da: 28 herri 1.000 metro baino gutxiagora egongo dira, bost 500 metro baino gutxiagora eta 17 baserri 300 metro baino gutxiagora. Baserri hauetako gehienak Goierrikoak dira.
Horretaz guztiaz gain, gaur egun dauden bideak zabaldu eta berriak egingo dituzte. Horrek «txikizioa» ekarriko duela esan du Agirrek. «Babestutako ondare megalitiko eta meatzaritza jarduerarekin lotutako eraikinak daude tartean, paisaian sekulako eragina izango du eta landare eta zuhaitzak kenduko dituzte. Kasu batzuetan aldi baterako okupazioa izango da, baina beste batzuetan behin betikoa».
Hori guztia gutxi balitz, linea bi parke naturalen arteko korridore ekologikotik pasatuko da eta hartutako lurretan ezingo da landaketarik egin. «Hitz gutxitan esanda, ingurunean, osasunean, jarduera sozioekonomikoan eta ondarean sortuko dituen kalteak izugarriak izango dira», laburbildu du gabiriarrak. Azken urteotan Goierrin landaredia eta paisaia babesteko lan handia egin dela eta egitasmo honek zapuztu egingo duela gehitu du.
Hori dela eta, galdeketa antolatzea erabaki dute. Ekimena herritarrek bultzatu dutela eta udalekin eta alderdi politikoekin inongo loturarik ez duela aipatu du eta gabiriar, mutiloar eta zeraindarrei parte hartzera deitu die. «Gure herriaren etorkizunarekin eta bertan duintasunez bizitzeko eskubidearekin konprometitutako gizon-emakume guztiak animatu nahi ditugu ekosistemaren garapen demokratikoa aldarrikatzera, herritarren benetako beharretan eta gure herriaren erabakitzeko eskubidean oinarrituko dena. Herri txiki biziak garelako eta herri txiki biziak izaten jarraitu nahi dugulako, goi tentsio linearik ez», amaitu du.