Auzolanerako deia egin du talde batek Ataunen
Ataunen herriko lantxoetan laguntzeko helburuz herritar talde bat elkartu da. Auzolanerako asmoa dute, eta udalari proposamena egin zioten. Hark baiezkoa eman zion, eta materiala edo tresnak udalak utziko dizkie.
Bilera batzuk egin dituzte dagoeneko auzolaneko taldekoek. Zer lan egin daitezkeen zehazten ari dira. Aurrerantzean ere taldeari jarraipena ematekotan dira. Taldea osatuta dago, baina nahi duten guztiak joan litezke, irekita dagoelako gehiagorentzat.
Lehendabiziko saioa bihar egingo dute, 08:00etan hasita. San Martin, San Gregorio eta Ergoiena auzoetan, errepide bazterrean dauden lorontziak txukuntzea izango da biharko lana. San Martingo plazara agertu behar dute lanerako prest daudenek, eta handik banatuko dira.