Erabilitako telefonoak biltzen ari dira Lazkaoko ikastolan, elkartasun kanpaina baterako
Haurraren garapenean atzerapena; mugitzeko, ibiltzeko edo oreka mantentzeko zailtasunak; nortasun oso hunkibera eta jokabidean barre-irribarre etengabe egiteko joera; hiperaktibitatea; edota hitz egiteko arazoak edo gabezia. Horiek dira Angelman sindromea dutenen ezaugarri batzuk, Angelman Sindromearen Elkartearen (ASA, gaztelaniazko sigletan) arabera. Gaixotasun arraro gisa katalogatuta dago. Arazo hori dutenei laguntzeko, elkartasun kanpaina abiarazi dute Lazkaoko San Benito ikastolan.
Edozein herritarrek parte hartzeko moduko ekimena jarri dute martxan DBHko ikasleek, Etika irakasgaitik sustatuta. Erabilitako sakelako telefonoak eta tabletak jasoko dituzte. ASAk urrian hasi zuen kanpaina, gaitzari buruzko ikerketa bat finantzatzeko.
Ikastolako idazkaritzan, San Benito eraikinean, kutxa bat ipini dute. Jendeak hara bota ditzake gailuak, ekainaren bukaerara arte. ASA erakundeari emango dizkiote bildutakoak.