Galdeketa "konfrontaziorako" erabiliko ote duten kezka agertu du Igor Egurenek
Atzo atez atekoaren aurkako herri ekimenekoek ekainaren 29 eta 30ean zabor bilketa sistemaren gaineko galdeketa egingo dutela iragarri ondoren, gaur Ordiziako alkate Igor Egurenek ekimenaren berri, “beste behin ere”, hedabideetatik jaso dutela salatu du prentsaurrean.
Iban Asenjo eta Belen Maiza zinegotziekin batera egindako agerraldian, atez atekoaren aurkako ekimenekoak udalarekin harremanetan jartzea espero duela ezaldu du Egurenek. «Hala ez balitz, gaiak duen garrantziagatik eta udalak duen arduragatik, datorren astean gu jarriko ginateke harremanetan ekimena ezagutu eta xehetasun gehiago jasotzeko», esan du.
Era berean, Ordiziako udal gobernua «elkarrizketaren aldeko udala» dela aldarrikatu du: «Beti egon gara prest plataformakoekin biltzeko, iritzia partekatzeko eta berziklapenaren inguruan gai honetan zein neurri har daitezkeen hitz egiteko ere bai». Zentzu honetan, galdeketa alde bakartasunez deituta «konfrontaziorako erabiliko ote den kezka» sortzen diela aitortu du. Egurenek ziurtatu duenez, «konfrontazioarena ez da gure jarrera, guk elkarrizketa eta adostasunaren alde egiten dugu. Konpromiso hori berretsi nahi dugu».