Ez zen Maioraren errekorra gainditu Ordizia-Txindoki-Ordizia duatloiean
Larunbatean jokatu zen Ordizia-Txindoki-Ordizia I. duatloia, duela hamarkada batzuk Juan Jose Rezola itsasondoarrak eta Iñaki Maiora ormaiztegiarrak egindako apustu bana oinarri hartuta. Julen Larrucea Urdaitri Triatloi Taldeko larrabetzuarra izan zen gizonezkoetan garaile, 1.28.11ko denborarekin. Amaia Luquin hondarribiarra izen zen lehen emakumezkoa, 1.58.21eko denborarekin. Lehenbiziko goierritarra Anartz Etxeberria idiazabaldarra izan zen; 1.33.52 denboran amaitu zuen itzulia.
Arratsaldeko 16.00etan ekin zioten ibilbideari 39 lasterkarik. Ordiziatik bizikletaz abiatu eta Larraitzeraino 9,5kmko bidea egin zuten, Txindokira oinez 3,88km, eta beste hainbeste Ordiziara itzuli arte. 1953ko irailean apustu bat zela-medio Juan Jose Rezola itsasondoarrak ordubete eta 42 minutuan egin zuen itzuli bera. Hogeita bost urte geroago, 1978an Iñaki Maiora ormaiztegiar txirrindulariak heldu zion erronkari. Ezetz 85 minutu baino gutxiagoan egin bota zioten erronka; ordubete eta 26 minutuan egin zuen. Hortaz, larunbatean Maioraren errekorra gainditu gabe geratu zen.
Antolatzaileak gustura agertu dira proban izandako parte hartze eta giroarekin, eta datorren urtean bigarren edizioa egingo dela ziurtatu dute. Lehen edizioan hainbat gabezia agertuko zirela jakitun izanda, urtez urte proba hobetzen joango direla adierazi dute Txapel-Gorri Kirol Elkartekoek.