Goierriko hainbat langilek greba eguna dute, gaur. Metalgintzaren alorrean aste honetarako sindikatu batzuek egin dituzten deialdietan aurrenekoa betetzen ari dira. Bi deialdi desberdin egin dituzte. Batetik, CCOO eta LAB sindikatuek elkarrekin hiru greba-egun deitu dituzte: gaur, asteazkena eta ostirala. Bestetik, ELAk enpresa hitzarmenik ez daukaten lantegietan bost eguneko lanuztera deitu du, aste osoa. Sektoreko hitzarmenaren "blindajea" lortzeko da deialdia, antolatzaileen arabera.
Beasaingo herrigunean, tren geltokiaren parean aparkatuta zegoen auto batek su hartu zuen atzo arratsaldean. Ke beltz handia zabaldu zen berehala, eta ezbeharrak, ikusmina sortu zuen; baita kezka ere, handik gertu umeentzako jolastoki bat baitako. Hamar minuturen buruan iritsi ziren suhiltzaileak eta berehala kontrolpean izan zuten sua.
Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak bere lehen kontzertua eman zuela 25 urte bete dira aurten, Urretxuko eta Zumarragako musikariekin batera ospatu nahi izan du urtemuga, eta atzo Zelai Ariztiko toki guztiak bete zituen kontzertuak. Izan ere, emanaldiak beste arrazoi esanguratsu bat ere izan zuen, Iñigo Murua eta Markel Lopez haurren tratamenduetan laguntzeko diru biltzea.
Aurreko ostiralean Aizpurutxo bertso sariketaren hirugarren edizioa jokatu zen Aizpurutxoko Itziar jatetxean. Lehenengo aldiz, taldekako txapelketa antolatu da aurten, hain zuzen ere herriarteko txapelketa. Hiru talde izan ziren nor baino nor, Azkoitia, Gabiria eta Zumarraga-Urretxu, eta talde bakoitzean hiru bertsolarik kantatu zuten. Azkoitiko taldea Eneritz Artetxe, Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristainek osatu zuten, Gabiriko taldea Aitzol Iturbe, Mikel Asurabarrena eta Aratz Igartzabal “Potto”-k eta Zumarraga-Urretxuko taldea, azken orduko aldaketa batzuk tarteko, Mikel Iturriotz, Beñat Torres eta Antton Fernandezek. Epaile lanetan herri bakoitzeko ordezkari bana aritu ziren.