Olaberriko Arcelorren langileek onartu dute enpresako akordioa
Arcelor Mittal altzairu enpresaren Olaberriko langileek enpresa-ituna onartzea erabaki dute, bozketetan. Astean zehar bozkatu dute txanda desberdinetan, eta atzo batu zituzten emaitzak. Enpresa Batzordeak zuzendaritzarekin itxitako aurreakordioa babestea erabaki dute, aldeko 299 botorekin eta aurkako 121ekin. Afiliatu gabeko langile-ordezkariak eta CCOO zeuden akordio horren alde; LAB, aurka.
Itun berriaren arabera, langileen soldata finkoa %12 beheratuko da. Bariabilizazioaren formula aplikatuko da; ehuneko hori jaitsi, eta enpresaren irabazien arabera berreskuratu ahalko da, zati bat bederen. Beste neurri esanguratsu bat urteko lan ordu kopuruaren hazkuntza da: aurten 24 ordu gehiago sartu beharko ditu langile bakoitzak, 2014an eta 2015ean 48na ordu gehiago.
Onura sozialen atalean ere murrizketak izango dira. Etxea erosteko edo mailegua hartzeko laguntzetan, etxea konpontzeko hobarietan «erdia-edo» galduko dute langileek, LABen esanetan.
LABek akordioa kritikatu du
Akordioaren aurka azaldu da LAB. Langileengan «beldurra» zabaltzea egotzi diete aurreakordioa izenpetu zuten afiliatu gabeko ordezkariei eta CCOOri. «Beldurra sartzen aritu dira, edo akordio hau, edo neurri okerragoak etorriko direla; itxi, erregulazio espedientea… Beldurraren botoak irabazi du. Enpresak ere eragin du horretan», azaldu du Arcelorreko LABen ordezkariak.
Soldata finkoa bariabilizatuta, «kasu onenean %6 galdu» egingo duela langileak ohartarazi du. Enpresa «dirua asko irabazten» ari denean soilik berreskuratuko litzateke. Lan orduak igotzea, berriz, etorkizunerako «lanpostuak suntsitzea» dela esan du LABek.