Izagirre anaiek elkarrekin parte hartuko dute lehenengoz Frantziako Tourrean
Gorka eta Jon Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrek Frantziako Tourrean parte hartuko dute. 11 urte pasatu dira dagoeneko Euskal Herriko bi anaia txirrindularik Tour berean parte hartu zutenetik. Alvaro eta Igor Gonzalez de Galdeano (Gorka eta Jonen zuzendaria) izan ziren azkenak. Frantziako itzulia ekainaren 29an abiatuko da Korsikatik. Lehenago, asteburu honetan, bi ormaiztegiarrek Espainiako txapelketan parte hartuko dute.
Bi anaiak prest daudela diote. Biek kanpoan eman zuten joan zen astea eta astelehenean itzuli ziren. Gorka Pirinioetan egon zen Tourreko etapak ikuskatzen eta Jonek Suitzako itzulian parte hartu zuen. Lan ona egin zuen eta azken erlojupekoan 11. postuan sailkatu zen.
Anaia zaharrena gustura itzuli da Frantziatik, baina Pirinioetako etapak «gogorrak» direla esan du. «Bi etapa bakarrik egongo dira Pirinioetan eta biak dira garrantzitsuak, baina bigarrena bereziki gogorra da».
Jonek, ordea, ez ditu Pirinioetako etapak ikuskatu. Sasoi onean dago eta hori da garrantzitsuena. «Hilabete eta erdi eman dut lehiatu gabe eta Suitzan egunetik egunera hobeto sentitu naiz», aipatu du anaia gazteak.
Biak asteburu honetan elkartuko dira aspaldiko partez, Ponferradan (Leon, Espainia). Bertan, Espainiako txapelketa jokatuko dute. Jonek bi probetan parte hartuko du eta Gorkak ez du erabaki oraindik erlojupekoan ere arituko den.
Bien ustez, Movistar taldeko txirrindulariak dira faboritoak, eurak nagusitu baitira azken urteetan txapelketa honetan. Errepideko lasterketarako ez dira izen bat ematera ausartzen, baina erlojupekorako Jonathan Castroviejo taldekide ohia, Alberto Contador eta Luis Leon Sanchez aipatu dituzte Euskaltel-Euskadi taldeko ormaiztegiarrek.
Aukera suertatuz gero, eurak ere irabazten saiatuko dira, baina euren helburu nagusia Tourrerako prestaketa fintzea da. «Azken aste hauek gogorrak izan dira eta lasai samar joango naiz. Azken egun hauetan azken ukituak ematea, entrenamendurik ez galtzea eta elikadura zaintzea da kontua», dio anaia zaharrenak.
Ondo daki zertaz ari den, berarentzat aurtengoa hirugarren Tourra baita. Jonentzat, ordea, lehenengoa izango da. Biek ondo ikusten dute euren burua. «Denboraldi erdialdean atseden hartu nuen eta ondoren Dauphine-Libere itzulian parte hartu nuen. Berde samar ikusi nuen neure burua, baina ordutik hobera egin dut», azaldu du Gorkak.
Bien helburua etaparen bat irabaztea da. Horretarako gai dira. Gorkak iaz ihesaldi askotan parte hartu zuen eta Jonek, berriz, Giroan etapa irabazi zuen. «Iaz saltotxo bat eman nuen eta ea aurten etapa bat irabaztea lortzen dudan», esan du Gorkak.
Anaia gaztea ere ez da ezeren beldur. «Zaila izango da, baina etapak irabaztera goaz. Taldeko arduradunek ausartak izateko eskatu digute».
Sekula baino askatasun handiagoa edukiko dute, azken urteotan taldeburua izan den Samuel Sanchezek ez baitu parte hartuko. «Alde batetik ardura da, baina baita aukera polita ere. Taldekide guztion helburua ahalik eta ihesaldi gehienetan parte hartzea da», aipatu du Gorkak.
Ez batak eta ez besteak, ez dute etapa zehatz bat begiak jota. Hori diote behintzat. «Ez zait gustatzen joan aurretik etapa bat aukeratzea. Nahiago dut planak egunetik egunera egin. Gehienetan egunean bertan jakiten da etapa hori egokia izango den edo ez. Hori dela eta, nahiago dut gauzak lasai hartu. Etaparen ezaugarriak baino garrantzitsuagoa da gorputzak egun ona edukitzea», dio Gorkak.
Jonek ibilbidea ez duela asko begiratu aitortu du. «Hasi eta berehala Pirinioak helduko direla dakit. Egunak pasa ahala ikusiko dugu zein etapa diren egokienak. Itzuli handietan egunez egun joatea komeni da».
Dena den, ondo egon edo ez, ziur Pirinioetan zer edo zertan saiatuko direla bertara joango diren euskal zaleei poz bat emateko. Ormaiztegiko Izagirre Anaiak lagunarteak ere joateko asmoa du. «Uztailaren 7ko etapa, batez ere, ihesaldietarako egokia izango da. Izan ere, bezperakoa mendate batean bukatuko da eta lidergoan sailkapen nagusia borrokatuko duen txirrindulariren bat jarriko da», azaldu du Gorkak.
Iaz telebistan Izagirre abizena askotan entzun zen eta aurten, bi anaiak doazenez, gehiago entzungo da. Jonentzat lehen Tourra da, baina Gorkak oso argi du anaiak ondo egingo duela. «Iaz Giroan garaipena lortu zuen eta sasoi oso onean dago».
Oraindik ez dio anaia gazteari aholkurik eman. «Hemendik Tourrera badago denbora», esan du Gorkak. Anaiarekin gela berean egotea gustatuko litzaioke, baina behin bakarrik eduki dute horretarako aukera. «Gehienetan bananduta jartzen gaituzte. Egia esan, niri berarekin egotea gustatuko litzaidake. Izan ere, nahiz eta anaiak garen, ez gara asko egoten elkarrekin». Kontuan izan behar da, gainera, Gorka Ziordian bizi dela eta Jon Ormaiztegin. Joni ere anaia gelakide izatea gustatuko litzaioke. «Ondo ezagutzen dugu elkar eta lehen Tour honetan anaia ondoan edukitzea gustatuko litzaidake», aitortu du Izagirre gazteak.
Ilusio handia egiten die Frantziako Tourra elkarrekin egiteak. «Mundu guztia Tourrari begira egoten da eta gustagarria da halako lasterketetan parte hartzea», esan du Gorkak.
Jonentzat are eta gustagarriagoa da, bere lehenengo Tourra baitu. «Iaz Giroan parte hartu nuen, baina Tourra, Tourra da. Parte hartzeko gogo handia dut».
Ez dio anaia nagusiari aholkurik eskatu, baina Frantzian eskatzeko beharrik gabe emango dizkiola uste du. «Anaiak garrantzitsuena etxeko lanak ondo egitea dela esan dit beti. Tourrera gauzak ondo eginda joan behar da: ondo entrenatuta eta ondo zainduta. Behin han, ilusioa, gogoa eta psikologikoki ondo egotea da garrantzitsuena».
Oraingoz ez dago urduri. «Hara heldu eta kulotea jartzen dugun unean azalduko dira nerbioak. Egia esan, gurasoek guk baino gehiago sufritzen dute. Baina bientzat oso pozgarria da biok hain gustuko dugun txirrindularitza ogibide bihurtu izana eta Frantziako Tourrean parte hartzeko aukera edukitzea», amaitu du Jonek.