XI. Mustiren Omenezkoa ospatuko dute datorren larunbatean Zumarragako Argixao zelaian. Musti taldeak antolatuta, Urolako eta Realeko beteranoen arteko futbol partida izango da omenezkoaren muina. Aurten, halere, berritasun nabarmena gehitu diote: arrazakeriaren kontrako partida bat. Beteranoen arteko neurketaren aurretik jokatuko da, eta Urolako lehenengo zein bigarren taldeetako jokalariak jatorri senegaldarra duten jokalariekin neurtuko dira.
Aurreko asteburuan izandako Zumarragako VI. Pintxo lehiaketa Saski tabernak irabazi du. Epaimahaikideen arabera taberna honetan egindakoa izanda pintxorik onena zein originalena. Zelaikoa tabernak aipamen berezia jaso du. Lehiaketako sariak Santa Isabel jaien baitan emango dituzten, ekainaren 30ean, 11:30ean, Zumarragako udaletxean.
Bigarren urtez jarraian, Baserri Astea antolatu du aurten ere Urretxuko eta Zumarragako Gazte Asanbladak, ZUGAk. Gaztetxearen 11. urteurreneko egitarauren barruan sartu dute berriz, baserriari eskainitako astea, hamaika ekintzekin. Gaur hasi eta igandera arte luzatuko da aurtengoa.