Lazkaon ekainaren 25ean hasiko da atez atekoa zehazteko prozesua
Lazkaoko Udalak eta Sasieta Mankomunitateak ekainaren 25ean, datorren asteartea, ekingo diote Lazkaon atez ateko bilketa sistema berria nolakoa izango den zehazteko partaidetza faseari. Uztailaren 10era bitartean, auzoka edo subjektu motaka (baserritarrak, merkatariak eta jubilatuak) bilerak egingo dituzte, “erabakitzeko dauden hainbat gauza” finkatzeko. Helburua, gaikako bilketan gaur egungo %43ko tasatik %80ra igarotzea da.
Goierriko seigarren herria izango da Lazkao atez atekoa ipintzen. Itsasondo, Legorreta, Zaldibia eta Ordiziakoaren ondoren, bihar Segurako eredua aurkeztuko dute, 18:00etan. Sasietaren lehendakari Azeari Andonegik gaur esan duenez, atez ateko bilketa sistemarekin Legorretan “bikoiztu” egin da gaika biltzen denaren portzentajea, eta Zaldibian “bikoiztu baino gehiago”; Itsasondon, berriz, “%90era gerturatzen” ari dira.
Lazkaon gaur egun bost edukiontziko sistema dago, organikoarena txartel elektronikoarekin zabaltzen dela. Orain %43koa da Lazkaon birziklatze tasa. Andonegik “lasaitasuna” transmititu nahi dutela esan du, “gizarteratze eta parte-hartze prozesura begira”. “Birziklatzea erraza da, eta ondo egiten badakigu”, gaineratu du.
Sasietaren teknikari Enrike Enparantzak, bere aldetik, azken hilabeteetan konpostajeak Goierrin izan duen “gorakada” nabarmendu du. Gaur egun 1.300 familiak egiten dute etxean edo auzoko gunean konposta. Azken hamabi hilabeteetan 600 herritarrek parte hartu dute ikastaroetan. Aste honetan Gabirian emango dute kurtsoa, gaur eta ostegunean (19:00etan, kultur etxean); ehun partaide ariko dira, bi ikastaroetan. “Oso gustura gaude. Atez atekoa ez dagoen lekuetan ere gora egin du konposta lantzeko joerak. Etxean gain, auzokonposta egitera ere geroz eta jende gehiago ari da animatzen”, esan du Enparantzak.
Konpostajeak gora egiteak, birizklapen tasa “gero eta handiagoa” izatea dakarrela gogoratu du Enparantzak. Sasietaren arabera, 2012an Goierrin hondakin guztiaren %39 bereiztuta jaso zen. Bosgarren edukiontziarekin (organikoarena) tasa %45ekoa da bataz beste, eta atez atekoarekin %80.
Ormaiztegin izan zen auzokonposta egiteko gunea jartzen lehen herria Goierrin; Legazpin eta Itsasondon jarraitu zioten. Datorren astean Beasainen hasiko dira, eta Lazkaon ere gune bat prestatzeko asmoarekin dira. Herritarrek, norbere herrian ikastaroa noiz den jakiteko, Sasieta mankomunitatera hots egin dezakete.
Bilera motak eta izaera
- Hasierako batzar orokorra. Ekainak 25, 18:30, Arerian. Elebitan.
- Landa eremua. Ekainak 26, 19:30, Lartxai elkartean.
- Merkataritza. Ekainak 27, 15:00, udaletxean. Elebitan.
- Hirugarren adina. Ekainak 27, 18:30, Orobionen. Elebitan.
- 1 Eremua. Plaza-Hirigoien kalea ardatzetik eskuinerako auzoak. Uztailak 1 (euskaraz) eta uztailak 2 (gaztelaniaz). 18:30, Arerian.
- 2 Eremua. Plaza-Hirigoien ardatzetik ezkerrerako auzoak. Uztailak 3 (euskaraz) eta uztailak 4 (gaztelaniaz). 18:30, Arerian.
- Goizeko bilera. Uztailak 4, 10:30, Arerian. Elebitan.
- Amaierako batzar orokorra. Uztailak 10, 18:30, Arerian.