Oilategi bat erre da Legorretan
Legorretako oilasko haztegi batean sutea izan zen, atzo gauean. Pabiloia kiskalita geratu da, eta hazten zeuzkaten 3.000 txita inguru hil dira sutean. Hegaztiak 15 bat egunekoak ziren. Etxerako zeuzkaten untxiak ere akabatu ditu keak.
Sutea atzo 22:30a aldera sortu zen, Legorretatik Ikaztegieta alderako Errekalde baserrian. Alboan dute oilategia. Suteak erabat deuseztu du pabiloiaren gehiena, baina baserrian ez du kalterik eragin. Ordiziako eta Tolosako parkeetako suhiltzaileek itzali zuten, ordu erdi batean.
Antxon Amundarain jabeak gaur kontatu duenez, egurrezko estufa bati egur puskak sartzen ari zela, haietako batek sugar handia eragin zuen. Teilatuko zuntz isolagarriak su hartu zuen berehala, eta jarraian oilategiko sabaian barrena zabaldu zen. Kiskalita geratu da teilatu osoa.