Erdi Paleolitoko industria aztarnak aurkitu dituzte Aralarren
Jose Miguel Edesok eta Ane Lopetegik Mujikarekin batera egin zuten Ondarreko azterketa geomorgologikoan (Arkeoikuska, 2011) ondorioztatu zuten garai batean putzuak zeudela, eta lehenik ehizarako aproposa izango zela animaliak edatera joango zirelako, eta ondoren, duela 6.000 urte, abeltzainek ganadua eramateko baliatzen zutela. Sakonune batean dago, gainera, inguruko tontorren artean babestua. «Ura eta babesa izanik leku egokia izango zen urteko garai epelagoenetan egoteko. Modu horretan giza talde horiek ez zituzten garai hotzagoetan bailaretan eskura zizuten baliabideak xahutzen», dio Mujikak.
Azken izoztaroko homo sapiens sapiensak Gravette kulturako aztarna garrantzitsuak (duela 27.000 urte) utzi zituen Ataunen dagoen Usategiko koban. Mujikak uste du agian toki hori suharri edo silax bila Urbasara zihoazenean aterpe gisa edo erabiliko zutela. Gizakia asko mugitzen zen, eta horren froga da Urbasa, Trebiñu eta kostaldeko suharriak aurkitzen direla aztarnategietan. Ondarren eta Argarbin Goi Paleolitoaren azkenaldiko edo azken izoztaroko (duela 14.000 urte) beste industria aztarna batzuk ere aurkitu dira, ehizarako erabiltzen ziren bizkardun punta pare bat, baina Usategikoa ez bezala, inguru hori ez dela igarobide bat zehaztu du Mujikak, 700 metrora dagoen «toki apropos bat» baizik.
Ura egoteak eta animali eta gizakientzat leku egokia izateak azalduko luke leku horretan dagoen aztarna aberastasuna. «Diametro horretan horrenbesteko aztarna eta hain garai desberdinetakoak dituzten leku asko ez ditugu ezagutzen». Goi Paleolitokoak ezohiko aurkikuntza izan arren, gizakiaren presentzia Aralarko inguru horretan ez da gauza berria. Hemen aurkitu zuen Adan de Iarzak 1879an Jentillarri trikuharria eta 1916an On Joxe Miel Barandiaranek, Argarbikoa. Harrezkero multzo megalitikoa handitzen joan da, Gipuzkoako Aldundiaren Kulturbideak Aralarren liburuxkan ikus daitekeen moduan.
Goi Paleolitoko aurkikuntzez gain, Mujikak eta Euskal Herriko Unibertsitateko bere taldeak, Gipuzkoako Aldundiaren Kultura eta Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoa sailen diru-laguntzarekin, orain dela 4.100 urte inguruko zista bat eta orain dela 3.000 inguruko harrespila bat dira multzo megalitikoari gehitu zaizkion azkenak. Zistak trikuharrien tankerako beste ehorzleku txikiagoak dira, eta Ondarrekoan giza arrastoak aurkitu dituzte. Harrespiletan, berriz, erraustutako gorpuen errautsak jartzen zituzten, eta Ondarrekoan ikatza topatu dute. Horiez gain, Brontze Aroko bizitoki bat, erromatarren garaiko txabolak eta Goi Erdi Aroko abeltzain txabolak aurkitu dituzte, Azkoitiko Munibe taldearen laguntzarekin eta Zaldibiako Gailurrarantz taldearen babesarekin. Mujikak orain zista eta harrespila berritzea du helburu: «Denborarekin hondatzen joan dira, eta egiten ez badugu, desagertu egingo dira. Horiek berriztatu eta ezagutarazi nahi dugu».
Jose Antonio Mujika arkeologo beasaindarrak zuzentzen duen EHUko arkeologia taldeak Aralarren ezagutzen diren Erdi Paleolitoko gizakien lehen aztarnak aurkitu ditu. Industria aztarnak dira, zehazki levallois printza bat eta nukleo bat, gutxienez orain dela 50.000 urtekoak. Ondarre izeneko lekuan aurkitu dituzte, Enirio-Aralar Mankomunitatean. «Bizitokirik ez dugu aurkitu Ondarren, baina bai gizakiak utzitako arrastoak, zehazki, industria aztarnak. Modu soltean aurkitu ditugu, eta ondorioz ezin da esan gehiago egon daitezkeenik, baina garbi dagoena da Aralarko gainetan egon egon zirela gizakiak garai horretan».
Urteak daramatza Mujikak Ondarren lanean, eta Erdi Paleolitoko bi industria aztarnak pasa den udan aurkitu zituzten. Levallois izeneko metodoa erabiliz gizakiak harriak landu egiten zituen, kolpe batzuekin forma jakin bat emanez, gero handik, nukleotik, printzak edo puntak ateratzeko. Egitera zihoana egin aurretik, buruan irudikatzea eskatzen zuen metodo bat da, eta Erdi Paleolitora arte erabili zen. Printzak ia bost zentimetro neurtzen ditu.
Aire zabalean dago Ondarre, ez haiztzulo batean eta litekeena da urak edo beste edozein aldagarrik garai horretako aztarnak mugitu eta hondatu izana, Mujikaren arabera. Horrek egiten du berezi aurkikuntza, oso zaila baita aire zabalean hain inguru aldapatsuan garai horretako arrastoak aurkitzea.
«Historiaurrean gizakia haitzuloetan bizi zela pentsatu dugu, batez ere, arrastoak kobetan aurkitzen genituelako. Baina ez da horrela. Garai horretan izango zuten bizitokia aire zabalean ere; kezka nagusia ez zen aterpea izatea baizik eta zer jan edukitzea, horrek baldintzatzen baitzuen bizi iraupena. Kontua da aire zabalean zailagoa dela arrastoak aurkitzea». Mujikak eta bere taldeak ezustean aurkitu zituzten Erdi Paleolito garaiko pieza horiek, Ondarren harrespila eta zista artean lanean ari zirela.
«Toki aproposa»