Mondragon Unibertsitateko Goierri campusaren Ingeniaritza Graduko bigarren mailan dauden ikasleek patinete motorizatuetarako osagarri bat diseinatu, fabrikatu eta muntatu dute dimentsio jakinetako zama eramateko. Zehazki, talde lanean hiru patinete egin dituzte ikasleek. Eguerdian egin duten euren lanen erakustaldia unibertsitate atarian.
Asteazken arratsaldean hainbat boluntario atez ateko hondakin bilketarako erabiliko diren kuboak banaketarako prestatzen aritu ziren. Mallutz industrialdeko Alumalanen pabiloian bildu dituzte etxeetan hondakinak gaika bereizteko beharko diren kuboak. Datozen egun edo asteetarako deialdi gehiago egingo ditu Ordiziako Udalak antolaketa lanekin jarraitzeko. (Bideoa: Ordiziako Ahotsa)
Metalgintza arloko hirugarren greba eguna egiten ari dira gaur Gipuzkoan, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Gaurko antolatu dituzten mobilizazioen artean, Adegiko buruaren enpresan elkarretaratzea egin dute hogeita bost bat langilek, LABek deituta. Gainera, lau lagun kateatu egin dira Hine enpresako sarreran. Ertzainak etorri eta kateak ebaki dizkiete. Arazorik egon ez bada ere, tentsio uneak izan dira, ertzainak protestan ari ziren langileei atzera egiteko eskatu dienean. Hine enpresan bildu badira, haren jabea "negoziazio kolektiboan ardura gehien duen pertsonetako bat" delako izan dela azaldu du LABeko Joxe Mari Mujikak.