Olaberriak igandean du Herriarteko pala finala
Olaberriko palari taldeak Gipuzkoako Herriarteko txapelketan historia egiten jarraitzen du. Igandean jokamolde horretako finala jokatuko du, Andoainen aurka. Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Jaialdia 11:00etan hasiko da; lehenengo larruzko paletako neurketa izango da, eta ondoren, jarraian, pala motzekoa.
Palako Herriartekoak 23. ekitaldia du aurten. Olaberriak seigarren finala du. Orain arte jokatu dituen final guztiak irabazi ditu. Bost txapela ditu, 2003an, 2004an, 2005ean, 2007an eta iaz irabazitakoak. 1998tik urtero parte hartu izan du lehiaketan.
Txapeldun izaerarekin abiatu zen Olaberria, final-laurdenetan. Deba aise gainditu zuen (4-0). Finalaurrekoan Ordizia utzi du bazterrean (3-1). Andoain ere laurdenetan sartu zen. Donostia (2-2, hamar tantoren aldearekin) eta Errenteria (3-1) kanporatu ditu.
Olaberritik finalera joateko autobusa (10:00etan) eta bazkaria antolatu dituzte. Udaletxean eman behar da izena, gaurko (ostiral).
Olaberriko palari taldeko Gari Arrietak “final zaila” aurreikusi du, aurkariaren mailagatik. “Txapelketa hasi zenean Andoain jo nuen faborito. Talde orekatua du. Iaz hutsune bat izan zuten, aurreko urtean profesionaletan aritutako palari batek ezin zuelako parte hartu. Aurten berriz hasi da hura”.
Hala ere, Olaberria “beti bezala animoz goraino” joango da finalera. Iaz lortutako txapela defendituko dute. Herritarren babesa izango dute Atano III.ean, autobuskada bat, gutxienez, joango delako Olaberritik. “Gure buruan irabaztea dago, Orain, badakigu zaila izango dela”, adierazi du Arrietak. Gainera, finalean ere bi neurketa jokatu beharko dituztenez —paleta larruz eta pala motza—, lehenengoan izaten den emaitzak “markatuko” du bigarrena.
Txapelketa osoan (Deba eta Ordizia kanporatu dituzte) bost pilotarik osatu dute Olaberriko taldea. Finalean lauk soilik jokatu ahalko dute, “zoritxarrez”. Atzo arratsaldean egin zuten azkeneko entrenamendua, finalaren jokalekuan bertan, Atano III.ean.
Hala, paletan Zuaitz Letamendia-Gari Arrieta ariko dira Olaberritik, eta Irati-Lete Andoainekin. Ondoren, pala motzean, Xabier Berasategi-Javi Garrido izango dira goierritarren ordezkariak, eta Altuna-Zabala Beterrikoenak.
Finala goi mailakoa izango da, zalantzarik gabe. Andoainek hiru txapela irabazi ditu azken bost urteetan (2009, 2010 eta 2011n); Olaberriak, berriz, azkeneko hamar urteetan bost. Beraz, Gipuzkoako pala amateurrean azken urteetako bi talde loriatuenak nor baino nor. Finalean lehenbiziko aldiz tokatu dira Olaberria eta Andoain, gainera.