Auzolanerako deialdiak egin dituzte Lazkaon eta Zaldibian
Auzolana herriko lanak egiteko sistema erabilia ari da bihurtzen. Egoera ekonomikoaren estuasunak eraginda, eta herritarrak herrigintzara hurbilarazteko asmoarekin, auzolana indartzen ari da berriz Goierriko herri askotan. Duela bizpahiru urtera arte ohiturazko lanak egiteko deialdi gutxi batzuk geratzen baziren bizirik, gaur egun sistema erabilia ari da bihurtzen. Udalek, gastua murrizteko eta esku-lanean aurrezteko, herritarren laguntza geroz eta sarriago eskatu ohi dute.
Azkeneko hiru adibideak Lazkaon, Ataunen eta Zaldibian ikus daitezke. Ataunen auzolanean jarduteko talde bat osatu dute, herrian suerta daitezkeen lantxoak edo garbiketak egiteko. Lazkaoko Udalak PR-Gi3 ibilbidea garbitzeko asmoa dauka, auzolanaren bitartez. Orain arte, urtero nekazarien eta herritarren artean garbitu ohi izan dituzte zenbait bide. Lazkao-Lazkaomendi aldeko xenda geroz eta zikinago dagoela ikusita, deialdi orokorragoa egin du.
«Lazkao zeharkatzen duen PR-Gi3 ibilbidea garbitzea da asmoa, zenbait zatiren egoera txarra ikusita», azaldu du udalak zereginaren berri. Auzolanaren formula erabiliko dute, eta izena emateko epea zabalik dauka. Ostiralera arte, ekainak 28, udaletxera hots eginda (943 08 80 80) edo idatzita (obrak@lazkao.net) jakinarazi behar da lanerako prestasuna.
Ibilbide hori Lazkaoko plazan hasi eta bukatzen da. Lazkaomendi zeharkatzen du, aldenik alde, Abalin baserrietatik Amundaraineraino (Ataun) ailegatu eta Imatzetik atzera Zubierrekara jaitsi eta borobila osatzeko.
Bidearen zati batzuk sasiak hartuta daude, edo zuhaitzek estaltzen hasiak. Izena ematen duen lagun kopuruaren arabera erabakiko dituzte langintza, epeak eta lanerako egunak.
Zaldibian ere auzolana
Zaldibian ere maizagotu dira auzolanak, azken urteetan. Duela hilabete pare bat Enirioko galtzada zaharrean etorritako luizia garbitu zuen kuadrilla batek, adibidez. Urrutira joan gabe, Santa Fe jaietan gaueko zaintza egiteko boluntariotza da beste kasu bat.
Orain, Zaldibiako Lardizabal herri eskolako lur zorua lixatu edo leundu nahi du udalak. Herritarren laguntza eskatu du, ikastetxeko mahai, aulki eta tresnak tokiz mugitu ahal izateko. Guraso Elkartearekin batera burutuko da auzolana, hiru fasetan.
Lehenengo lanak gaur, bihar eta etzi egingo dituzte. Ondoren, uztailaren erdi aldean —egunak oraindik ez dituzte zehaztu— izango da beste lanaldi bat; eta hirugarrena iraileko lehenengo astean, ikasturtea hasterako. Auzolanean aritzeko, garai horietan eskolara azaldu behar dute zaldibiarrek, edo guraso elkartekoekin harremanetan jarri.
«Garai zailak dira guztiontzat, baina ditugun baliabide ekonomikoekin eta auzolanaren indarrarekin lanak behar bezala egin daitezkeela uste dugu», dio Zaldibiako Udalak, ohar batean. Herri eskola lixatzeko lanetarako 20.000 euro bideratu ditu udalak. Boluntarioen auzolanik ezean, gehiago xahutu beharko zukeen.