Ormaiztegiko eskalada taldeak ikastaroa emango du bihar Zubipe kiroldegian
Ormaiztegiko eskalada taldeak ikastaroa emango du bihar, 17:30ean, kiroldegian. Ekitaldi hau Ekain Kulturalaren barne antolatu dute.
Talde hau duela 10 bat urte sortu zen. Unai Barrenetxea kideak gogoratzen duen moduan, garai hartan jende askok eskalatzen zuen Ormaiztegin. «Pixkanaka herritarrek utzi egin zuten eta Goierriko gainontzeko herrietako jendea sartu da taldean».
Lokal pribatu batean entrenatzen dute eta asteburutan aire librean aritzen dira. Neguan Nafarroara joaten dira eta udan Gipuzkoan aritzen dira. Ataungo harrobiaren beste aldean, adibidez. «Ormaiztegiko Udalak ez zigun lagundu eta geure rokodromoa egin genuen. Egun, 19 bazkide gara».
Ormaiztegiko mendi taldeak kiroldegian rokodromoa egin zuen, baina ez da eskalatzaile trebatuentzat aproposa. «Haurrek ikasteko oso ondo dago, baina ez guretzat. Gureak kobazulo itxura du eta beheran koltxonetak ditu. Hori dela eta, inoren laguntzarik gabe aritzeko aukera ematen du. Kiroldegikoan eta Goierrin dauden gainontzeko guztietan sokak behar dira».
Ormaiztegiko eskalada taldekoek mundu guztian eskalatu dute dagoeneko. Horretaz gain, udalak eskatuta, urtean bitan haurrei kirol hau ezagutzeko aukera ematen diete: San Andres jaietan eta Ekain Kulturalean. «Gure helburua ez da haurrak zaletzea, baizik eta umeek ondo pasatzea».
Dena den, zaletzen badira, hobe. Izan ere, lehen askoz ere eskalatzaile gehiago zeuden eskualdean. «Udalek ez diote merezi duen garrantzia eman kirol honi. Orain Seguran zer edo zertan hasi direla dirudi, baina orain arte ate guztiak itxi dizkigute».
Rokodromoa egitea garestia dela onartu du eta, zenbat jende dabilen ikusita, beharbada ez duela konpentsatzen. «Guk Ormaiztegiko jaietan hiru urtetan jarraian jarritako txosnan ateratako diruarekin egin genuen rokodromoa. Gainera, lokalaren alokairua ordaintzen dugu. Bertan Goierriko eskalatzaile gehientsuenak elkartzen garelako merezi du», amaitu du ormaiztegiarrak.