Saharar herriarekin elkartasun festa izango da uztailaren 19an Ataunen
Saharar herriaren errefuxiatu kanpalekuetatik uda pasatzera haur talde bat etorri da, beste urte batez. Oporrak bakean egitasmoaren barruan, Saharako basamortuko baldintza gogorretatik atseden hartzeko, beste kultura bat ezagutzeko eta han jaso ezin dituzten zaintza batzuk hartzeko modua izango dute.
Hamar-bat haur Goierrin dira, beraien gidariekin. Herenegun iritsi ziren, eta bi hilabetean familia izango duten etxeetan daude dagoeneko. Goierri behean, esaterako, bost haur hartu dituzte aurtengo udarako. Bostek, beren gidariak eta harrera familiek Ataunen agerraldia egin zuten, egitasmoa aurkeztu, lagundu dutenei eskerrak eman, eta uztailean Ataunen bertan egingo duten festa baten berri emateko.
Aurkezpen ekitaldian ziren Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkartekoak, Irrien Lagunak pailazo taldeko Tiritatxo eta Ane Pirata, Saharatik Goierri behera etorri diren bost haurretatik lau —bosgarrenak nahiago izan zuen bizikletarekin jolastu—, Igor Aierbe Ataungo alkatea, eta herriko hainbat eragile.
Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkarteko Naroa Abalabidek aitortu du «egun bereziak» direla beraientzat. «Asteartean iritsi ziren uda Goierrin igaroko duten haurrak. Elkartasunari eta konpromiso politikoari esker da hori posible».
Hain zuzen, uda Euskal Herrrian pasatuko duten saharar haurren kopuruak «behera» egin du orokorrean, baina Goierriko udal batzuek diru ekarpenak egin dituzte Oporrak bakean programari laguntzeko. «Esker bereziak eman beharrean gaude horiei, emandako laguntzagatik».
Goierri behean —elkartea eremu horretan aritzen da—, zazpi udalek eman dute laguntza: Ordizia, Zegama, Beasain, Ataun, Lazkao, Zaldibia eta Ormaiztegikoak. Haur sahararrak ez dira herri horietan guztietan egongo; Zaldibiako Udalak, adibidez, beste bi haurren bidaia ordaindu du. Haurrek, ahots batez, «eskerrik asko» ozen eta garbi batekin oihukatu dute esker ona.
Bi hilabeteko egonaldia
Herenegun iritsi ziren haurrek bi hilabeteko egonaldia egingo dute Goierrin. Harrera familietan egongo dira, eta elkarteko kideek eskerrak eman dizkiete.
Ainara Lasa da haur bat hartu duenetakoa. «Euren herriaren eta gatazkaren enbaxadore bihurtzen dira gaztetxo hauek, eta elkartasun kultural aberasgarriaz gozatzeko aukera paregabea izaten dute. Guk ere, familiok, halaxe izaten dugu». Udan zehar Goierriko eta Euskal Herriko hainbat festatan eta herritan ibiliko direla aurreratu dute, nola harrera familiarekin, hala saharar haur guztiak taldean direla.
Elkartzeko aukera bat Ataunen izango dute, uztailaren 19an. Saharar herriaren elkartasun eguna ospatuko dute, eta goierritar guztiak gonbidatu dituzte.
Egun osoko festa izango da. Haurrentzat jolasez eta ikuskizunez gain, bazkaria eta pintxoekin afaria ere egingo dira. Afarirako txartelak astebete lehenago jarriko dituzte salgai Ataunen. 5 eurorekin sei pintxo, postrea eta edaria erosi ahalko dira. Arratsalde osoan artisautza erakusketa ere egongo da Ataun San Martinen.
Festa Ataungo Udalak eta Troskaeta tabernak babestu dute, eta laguntza ekonomikoa herritar, eragile eta enpresa gehiagok ere jarri dute. Guztien borondatea eskertu du Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkarteak: «Basamortuko irribarre hauek askatasunaren eta etorkizunaren irribarreak izatea nahi dugulako, parte hartu eta etorri».
Egitaraua
- Goizean. Haur sahararrei ongietorria, bertako haurrek.
- Ondoren. Kirolak eta jolasak.
- Eguerdian. Bazkaria, San Martinen.
- 15:30. Apar festa.
- 17:00. Irrien Lagunen ‘Herri, irri, anitz’ ikuskizuna.
- 17:00etatik 21:00etara. Artisau azoka.
- 18:30. Ekitaldia.
- Gero. Buruhandiak, zezenak.
- 21:00. Afari musikatua, pintxoekin eta sagardoarekin.