San Pedro jaiak ospatuko dituzte mutiloarrek bihartik aurrera
Bihar hasiko dira Mutiloan San Pedro jaiak. Igandea bitartean, egunero egongo dira ekitaldiak. Jendetsuena, urtero bezala, sagardo dastatzea izango da, etzi. Festak hasteko, betiko moduan, txerria jarriko dute udaletxeko balkoian. Izan ere, mutiloarrak txerrigorri ezizenez ezagutzen dituzte.
Ondoren, pala lehiaketako azken partidak jokatuko dituzte. Finalean, Juan Inazio eta Eñaut Altuna aita-semeak Asier Agirre eta Iñigo Muñoaren aurka arituko dira. Hirugarren posturako, berriz, Gotzon Ansoleagak eta Alberto Aranburuk Bixente Goikoetxearen eta Martin Callejoren aurka jokatuko dute.
Aurten zortzi bikotek parte hartu dute. Pala txapelketan parte hartu ahal izateko bikoteko kide bat gutxienez Mutiloakoa izatea derrigorrezkoa da.
Ondorengo patata tortilla lehiaketak ere ikusmin handia piztuko du, batez ere bertaratzen direnek parte hartzaileek prestatutako tortillak dastatzeko aukera edukiko dutelako. Gainera, udalak ardoa banatuko du. Parte hartzeko Ostatun eman behar da izena. Ondoren, herritarrek toka lehiaketan parte hartuko dute. Bi sari emango dituzte: bata gizonezko onenari eta bestea emakumezko onenari. Bukatzeko, Gabiriako trikitilariek joko dute.
Etzi jaietako ekitaldi jendetsuena egingo dute: sagardo dastatzea. Aurten 26 sagardotegi desberdinetako sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Gainera, taloak, pintxoak eta oilasko errea jateko aukera egongo da.
Aurtengoa 21. edizioa da eta, beti bezala, Goierri osoko jendea hurbilduko da Mutiloara. Askok eta askok urteak daramatzate kale egin gabe.
Larunbatean mutiloarrek jaietako egun handia ospatuko dute: San Pedro eguna. Aipatzekoa da gauean mozorro gaua ospatuko dutela eta argazki lehiaketako sariak banatuko dituztela. Lehiaketa honetan herritarrek parte hartu dute, eta bi sari banatuko dituzte: helduen artean onenak bi lagunentzako afaria irabaziko du eta argazki onena aurkezten duen onenari argazki kamera bat oparituko diote. Gainera, gazte bazkaria eta herri afaria egongo dira. Bi otorduetarako lekua hartzeko 943 80 11 66 telefono zenbakira deitu behar da.
Igandeko ekitaldiei dagokienez, mutiloarrek herri kirol erakustaldi aparta antolatu dute. Goenatxo harri-jasotzaileak eta eskualdeko lau aizkolarik parte hartuko dute: Iñaki Azurmendi arriarandarrak, Xabier Zaldua zumarragarrak, Xabier Dorronsoro zeraindarrak eta Aitor Urteaga idiazabaldarrak.
Bukatzeko, azpimarragarria da ere udaletxeko ganbaran eskulan eta argazki erakusketa egongo dela. Eskulanak herrian antolatzen diren ikastaroetan parte hartzen duten emakumeek egin dituzte, eta argazkiak lehiaketara aurkeztutakoak izango dira.
Iñaki Ugalde alkateak asteburuan eguraldi ona egingo duela esan du eta goierritarrei Mutiloara hurbiltzeko gonbita luzatu die.
Egitaraua
Bihar
-18:30. Mutiloako pala txapelketako finala.
-19:30. Patata tortilla lehiaketa. Ondoren, dastatzea, ardo dastaketarekin batera.
-20:00. Toka lehiaketa.
-Iluntzean. Trikitilariak.
Etzi
-20:00. Sagardo dastatzea, talo, pintxo eta oilaskoarekin.
-23:30. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.
Larunbata
-Eguerdian. Bazkaldu aurreko poteoa.
-14:00. Gazte bazkaria.
-17:00. Umeentzako puzgarriak, jolasak eta merienda.
-21.00. Herri afaria. Aurretik, ardo banaketa.
-23.30. Mozorro gaua, txerri harrapaketa eta Ezten Giro eta Guri Bost taldeen eskutik dantzaldia. Argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte.
Igandea
-Goizean. Txistulariak.
-11:00. Bola lehiaketa.
-11:30. Meza.
-Ondoren. Dantza saioa.
-Bazkaldu aurretik. Elustondo anaia-arrebak trikitilarien saioa.
-18:30. Herri kirolak.
-Ondoren. Erromeria.