Seguran hasi dute atez ateko hondakinen bilketa sistema martxan jartzeko behar diren kuboen banaketa. Gaur zuten herritarrek kuboen bila joateko aurreneko eguna, eta jende ugari joan da lehen ordurako; hasieran ilarak ere sortu dira Botikaxar kulturgunearen sarreran. Kuboekin batera, hondakin bakoitza noiz atera zehazten duen egutegia eta eskuorri bat banatu dute.
Antioko interpretazio zentroko lanen egoera erakutsi dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Pau Llimona arkitekto arduradunak. Eraikina bukatuta badago ere, taberna zein jatetxea ez dira martxan egongo Santa Isabel jaietako egunik handienean, Antioko erromerian, alegia. Egun horretarako, uztailak 2, komun publikoak irekita egongo dira eta kuadrillentzako mahaiak ere prest egongo dira.
Bihar, ekainak 28 Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta, deklarazio instituzionala publiko egin du Urola Garaiko Mankomunitateak. Urretxuko udaletxean egin duten agerraldia gaur goizean Begoña Pereira, Zumarragako berdintasun zinegotziak, Jon Altolagirre, Lourdes Lasa, eta Lourdes Ugarte Urretxuko, Ezkio-Itsasoko eta Legazpiko gizarte zerbitzuetako zinegotziek eta Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak.
Iñigo Murua gaztearen tratamendua ordaintzen laguntzeko asmoz, Zumarraga-Urretxuko Ikastolako bere ikaskideek dantza jaialdia egin dute asteburuan, Zelai Arizti aretoan. Sarrerak bost euroan jarri zituzten salgai, eta jende ugari bildu zen saioa ikusteko. Azken hilabeteetan entseguetan buru-belarri aritu dira ikasleak, eta irakasle baten hitzetan, «elkartasunaren ikasgaian denek atera dute nota bikaina, aho batez azaldu baitira laguntzeko prest». Gotzon Aranburu kazetariak jaialdiko irudiak bildu ditu, bideoan.
'Nongoa zara?' galdetuz egiten die ongietorria 'Ni Euskalduna' sare sozialak bere gunera sartzen diren guztiei. Euskal Herri osoko euskal hiztunak biltzea du helburu sare horrek, eta herriz herri, komunitate ezberdinak sortzen ari dira. Dozenaka herritan sortu dituzte dagoeneko komunitateak, eta orain, Ordiziakoa sortu nahi dute. Horretarako, aurkezpen bideo bat ere egin dute. Bertan, Tere Ormazabal ordiziarrak bere gazte garaia nolakoa zen eta herria zenbateraino aldatu den azaldu du. Baita garai batean eta gaur egun, euskararen egoera nolakoa den ere.