Baserriko emakumeak
Bosgarren urtez Baserri Eguna ospatu dute Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian. Aurten, emakumea izan da protagonista, «baserrietan garai eta egoera ezberdinetan bizi izan diren eta baserriaren zein garapenean ekarpenak egin dituzten emakumeek burututako lanari esker ona eskaintzeko», zehaztu du Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko langileak.
Ekintzen barruan, Paisaia eta memoria: Ezkio-Itsasoko emakumeak erakusketa prestatu dute Igartubeiti baserrian. Uda osoan ikusteko eta gozatzeko aukera izango da.
Erakusketak hiru atal edo gune ditu: argazki erakusketa, Ahotsak artxiboak utzitako utzitako Benita Arabaolazaren eta Igartzabalgoena baserriko Joxepa Aranburu zenaren testigantzen bideoak; eta ekofeminismoari buruzko informazio mahaia.
Ekiten, olgetan, begira
Argazki erakusketari dagokionez, hiru zatitan banatuta dago: Ekiten, Olgetan eta Begira. Ekiten atalean, Ezkio-Itsasoko emakumeak lan desberdinetan ikus daitezke. Oiloei jana ematen, astoarekin mendian, zestogintza, linuarekin… «Baserriko lanen argazki handirik ez dago», dio Ugarteburuk.
Bigarren atalean, Olgetan, aisialdian ikus daitezke emakumeak, nahiz eta jolaserako ez zuten denbora askorik izaten. Bildutako argazkietan ikus daitekeenez, Arantzazura joan, erromerietan dantzan edo Kizkitzako festara joaten ziren.
Azken atalean, berriz, Begira izenekoan, baserri kanpoko erretratuak ageri dira. «Mojak ere azaltzen dira», zehaztu du.
Erakusketa partehartzailea izatea nahi dute antolatzaileek; argazkiei buruzko informazioa biltzeko herritarren laguntza beharrezkoa baita.
Testigantzak
Ahotsak Artxiboaren lankidetzarekin, Ezkioko bi emakumeren testigantzak entzun eta ikus daitezke bideoan. «Amak ogia eta taloak egiten zituen. Amonak artoa egiten zuen, esnearekin egosi-egosi eginda jateko. Oilo asko edukitzen zituen gure amonak», kontatzen du Benita Arabaolazak.