Ikasle ekintzaileek sariak irabazi dituzte
Etorkizuna gazte ekintzaileena izango dela diote adituek, eta horren adibide bat baino gehiago daude Goierrin. UGLE-ko eta Goierriko Eskolako ikasleek, adibidez, hainbat sari irabazi baitituzte Startinnova ekintzaileentzako lehiaketan. Gazteek enpresa egitasmoak aurkeztu dituzte lehiaketara, eta UGLEkoek lehen saria eskuratu dute eta Goierri Eskolakoek hirugarrena. Lehenengoek bideo eta argazkigintza enpresa sortzea proposatu dute eta bigarrenek bertako produktuekin lan egingo lukeen katering enpresa.
Saria irabazi duten UGLEko ikasleak Erik Larrea, Gorka Galfarsoro, Jose Alejandro Mendez, Ioxe Arana eta Mikel Markinez dira. Batxilergoko lehen maila ikasi dute aurten. Mendez Zumarragakoa da eta gainontzekoak legazpiarrak dira. Lehenengo ikastaro bat egin zuten, ondoren egitasmoa prestatu zuten eta azkenik euren proiektua aurkeztu zuten Donostian. Lehiaketan 13 ikastetxetako 47 taldek parte hartu dute eta UGLEko ikasle hauek 16-17 urtekoen mailan nagusitu dira. Isabel Pagola irakasleak aurkezpen bikaina egin zutela aipatu du. «Ekitaldia EHUn izan zen eta gurasoak ere joan ziren. Guztioi lan bikaina egin zutela iruditu zitzaigun, eta erronka ez en nolanahikoa: horrelako toki batean jende askoren aurrean hitz egitea ez da txantxetakoa».
Bostek argazkigintza oso gustuko dute eta, beraz, oso argi zuten alor horretako enpresa sortuko zutela. Argazki edizioa lantzea erabaki zuten. «Argazkiak ateratzen eta errebelatzen jende askok lan egiten du, baina edizio munduan lehia ez da horren handia. Mundu guztia ez da abila Photoshop bezalako programekin». Balizko enpresan, Mendez argazkiak editatzeaz arduratuko litzateke, Galfarsoro bideoak editatzeaz, Larrea web orrialdeaz eta Arana eta Markinez bezeroak lortzeaz.
Bostek goi mailako ziklo bat egin nahi dute Batxilergoa bukatu ondoren, baina ez dute baztertzen egunean batean Startinnova lehiaketako lehen saria eman dien egitasmoa abian jartzea.