Festa giroa Goierriko herri eta auzoetan
Asteburu honetan festa giroa nagusi izan da Goierrin. Zumarragan ez ezik, Mutiloan eta Ataungo, Beasaingo, Ezkio-Itsasoko eta Ordiziako hainbat auzotan ospatu dituzte jaiak. Gainera, Ordiziako errugbi taldeak garagardo festa egin du.
Gainontzeko festa guztiak bukatu dira jada. Mutiloako San Pedro jaiak ostegunean hasi ziren eta igandean amaitu. Ekitaldi asko egon dira eta, urteroko moduan, jendetsuena sagardo dastatzea izan da. 21. edizio honetan 26 sagardogilek parte hartu dute.
Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi auzoko jaiei dagokienez, ekitaldi nagusia gazte mailako txirrindulari proba izan da. Lan bikaina egiten ari den Alex Aranburu herritarrak parte hartu du gainera, lasterketan. Iaz bigarren egin zuen eta arantza ateratzeko gogoa zuen. Ezin izan du: laugarren postuan heldu da helmugara.
Beasainen ere ez dira aspertu. Zapatari kaleko eta Arriaran eta Ezkiaga auzoetako festak ospatu dituzte. Ordizian, berriz, San Pedro bezperako erromeria egin zuten ostiralean, aurten Amets Bide elkarteak antolatuta.
Horrez gain, Ordizian errugbi taldearen garagardo festa ere egin dute, eta bertaratu direnek 30 garagardo mota dastatzeko aukera izan dute. Antolatzaileak «oso gustura» daude, ia guztia saldu baitute.




















