Alfredo Garcia, mendizale errioxarra, eta Pedro Garcia Bartzelonako aireportuan. #haciendohistoria
Astebeteko trekkingaren ondoren, gaur iritsiko dira Gasherbrum mendietarako oinarrizko kanpalekura Arkaitz Mendia lazkaotarra eta Pedro Garcia ordiziarra. Sare sozialen bidez, espedizio bereko Alfredo Garcia mendizale errioxarraren jarraipena egiten ari direnek jakinarazi dutenez “eguraldia lagun izan ez badute ere, animoz ondo eta baldintza fisiko onekin doaz”.
Oinarrizko kanpalekua 5.000 metro inguruan jarriko dute; handik, hiruzpalau asteko igoera egingo dute Gasherbrum I tontorreraino. 1 kanpalekua 5.900metrotan; 2 kanpalekua G-I eta G-II mendiak bereizten diren lepoan; eta 3 kanpalekua 7.200 metrotan jarriko dituzte. Gailurra uztailaren 20aren bueltan egitea espero dute.
Ekainaren 20an abiatu ziren Bartzelotanik hegazkinez Islamabadera (Pakistan). Hainbat egunez baimen tramiteak eta izapideak egiten aritu ondoren, aurreko asteazkenean abiatu ziren Askoletik oinez.