Mendian orientatzeko proba egingo da irailaren 7an Aralarren
Goi mendian eta basoetan galdu gabe ibiltzeko gaitasuna lehiaketa batera eramango dute, irailean, Aralarren. Irungo Mendizaleak taldearen orientazio sailak eta Bizibiziki enpresak Gipuzkoako I. Rogainea kirol-orientazio proba antolatu dute, irailaren 7rako. Lizarrustin hasiko eta bukatuko da.
Herenegun aurkeztu zuten ekimen berria, Larraitzen ospatu den Turismo Aktibo Jasangarriaren I. Azokaren azken egunean. Rogaine erako proba horretan mendian ibiltzeko trebetasuna agertu beharko dute partaideek.
Taldeka izango da, bi pertsona gutxienez eta bost gehienez osatu behar dira. Sei orduko iraupeneko jardunaldian, antolakuntzak ezarritako tokiak edo baldintzak bete beharko dituzte. «Mendian orientatzeko gaitasuna, estrategia eta fisikoa» eskatzen ditu kirol modalitate horrek. Federatuen eta herrikoien sailkapenak bereiziko dituzte.
Lizarrustiko probaren aurretik, irailaren 1ean ikastaro praktikoa eskainiko dute Larraitzen, 10:30ean. Informazio gehiago Irungo Mendizaleen blogean dute (orientimos.blogspot.com.es).