Txomenaneko jolas parkea berritu dute Idiazabalen
Idiazabalgo Udalak Txomenaneko jolas parkea berritu du. Egurrezko zorua bigunago batengatik aldatu du eta jolas berriak jarri ditu. Txomenane parkea 90eko hamarkadan egin zuten eta bertako jolasak dagoeneko zahartuta zeuden. Berriak aste honetan bertan estreinatuko dituzte.
Udalak hiru parke berritu behar ditu beste horrenbeste urtetan. Iaz ekin zion egitasmo honi, Iparra kalekoarekin. 8.000 euro inguru gastatu zituen.
Txomenane parkekoa berritzeko, berriz, 21.000 euro erabili ditu. Datorren urtean beste horrenbeste gastatuko du pilotaleku atzeko parkean.
Azken hau da hiruetan handiena. Hori dela eta, 20.000 euro beharko dira zorua aldatzeko bakarrik. Ioritz Imaz alkateak jolasak «nahiko ondo» daudela esan du. Hori dela eta, margotzearekin nahikoa izango da.
Idiazabalen, jolas parkeak ez ezik, argiteria ere berritu behar dute. Zepai auzoan eta Aita Iparragirre eskola inguruan, hain zuzen ere. «Duela bi urte argiteriari buruzko auditoria bat egin genuen eta iaz diru-laguntza eskatu genuen txostenaren lehen zatian jasotzen dena egiteko», aipatu du alkateak.
Okerren dauden farolak aldatuko dituzte, gehien kontsumitzen dutenak. Lanak atzo hasi zituzten eta astebeteko epean bukatzea espero dute. «Farola asko aldatu behar ditugu, baina argiteriarekin lotutako lanak ez dira hemen bukatuko», aurreratu du Idiazabalgo alkateak.