Lazkaon gaur hasiko da Maizpide euskaltegiaren 39. Udako Ikastaroetako kultura-egitaraua
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak herenegun hasi zituen Udako Ikastaroak, 39. aldiz. Hamabost eguneko sei ikastaro emango dituzte udako hiru hiletan, kultura egitarau mardularekin hornituta. Maizpide euskaltegiaren ernemuina izan ziren Udako Ikastaroak. Udako oporrak baliatuz, kanpotik ikasle uholdeak hartzen zituzten Lazkaon. Egunez klaseak hartu, gauetan lazkaotarren etxeetan ostatu hartuta egon, eta bizimodua euskaraz egitea zen lezioa. Gaur egun, uholde hura apaldu bada ere, euskaltegiak fin jarraitzen dio ohiturari.
Berritasun bat izango du aurtengo udak. Hiru hilabetean guztira sei ikastaro emango dituzte barnetegian, hileko bi. Irailean hilabete osoko kurtsoa eman ohi zuten orain arte. Abuztuan ere ikastaro bikoiztasuna eskaintzen iaz hasi ziren.
Denera 85 ikaslek ekin dio lehendabiziko ikastaroari. Uztailaren 15era arte ariko dira Lazkaon. Beste urteetatik beherakada antzeman dute udako ikastaroetako ikasle kopuruan ere. Euskalgintzaren sektorea orokorrean gogor jo badu krisiak, irakaskuntzarenak jipoia hartu du. Urte «gogorra» ari da izaten, euskaltegiko arduradunen esanetan.
Egitarau osagarria herri osora
Murrizketak eta gabeziak gora-behera, Maizpidek lortu du kultura egitarau mardul bat osatzeko, Udako Ikastaroen osagarri. Herri osoarentzat irekiak izango dira saioak. Uztailerako iragarritako ekitaldi guztiak Lazkaoko plazan gauzatuko dituzte; abuztukoak eta irailekoak barnetegian izango dira, baina edonorentzat irekiak.
Gaur hasiko da egitaraua, Jon Magic magoaren ikuskizunarekin. Dagoeneko ohitura bihurtzeko bidean direnak mantendu dituzte. Goierriko bertsolari gazteen saioa, kasu. Datorren asteartean izango da, plazan, 22:00etan. Gemma Urteaga beasaindarra —Euskal Herriko txapelduna eskolartean—, Aitor Irastortza zaldibiarra, Joanes Etxaide zegamarra, eta Gorka Maiz eta Endika Igartzabal gabiriarrak ariko dira kantuan, Irati Arrieta eta Ainhoa Mujika gai jartzen.
Iker Laurobaren kontzertu akustikoa, edo Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez musikarien kontzertu didaktikoa nabarmentzen dira musikaren arloan. Bada zer aukeratua, ordea,uda osoan.
Egitaraua
39. Udako ikastaroak
- Gaur. Jon Magic magoa. 22:00etan, plazan.
- Uztailak 9. Goierri bertsolari gazteen saioa. 22:00, plazan.
- Uztailak 11. Drindots musika taldea. 22:00, plazan.
- Uztailak 17. Jon Arretxeren ‘11 bidaia, 11 liburu’ ikus-entzunezkoa. 22:00, plazan.
- Uztailak 23. Txalo taldearen Pottola antzerkia. 22:00, plaza.
- Uztailak 25. Triki-bertso poteoa. 18:00etan, kalean.
- Abuztuak 7. Iker Laurobaren kontzertu akustikoa. 21:30ean, Maizpideko zinema-aretoan.
- Abuztuak 13. Bertso-afaria: Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia. 20:30, Maizpiden.
- Abuztuak 15. Joxemari Carrere kontalariaren ‘Ipuin pre-erotikoak’. 21:30, Maizpiden.
- Abuztuak 22. Hutsun Txalapartaren kontzertu didaktikoa. 21:30, Maizpiden.
- Abuztuak 27. Koldo Ameztoiren ‘Biribilketa, luma beltza’ kontaketa. 21:30, Maizpiden.
- Abuztuak 29. Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin trikitilariak. 21:30, Maizpiden.
- Irailak 3. Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezen kontzertu didaktikoa. 21:30, Maizpiden.
- Irailak 10. Mila Gallastegiren eta Asier Arantzabalen ‘Islandia eta Groenlandia: belarra, laba eta izotza oinpean’ ikus-entzunezkoa. 21:30, Maizpiden.
- Irailak 12. Bertso afaria: Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Sarriegi. 20:30, Maizpiden.
- Irailak 18. Jon Plazaolaren bakarrizketa. 21:30, Maizpiden.
- Irailak 24. Gikitxaro taldearen ‘8 begi’ antzezlana. 21:30ean.
- Irailak 26. Kantu-afaria, Kuarto Txikiko Bandarekin. 20:30, Maizpiden.