Ametsen fabrika
Joseba eta Mitxelo Gurrutxaga anaiek (Legazpi, 1954 eta 1955) Legazpi utzi eta Iruñeara joan behar izan zuten bizitzera 70. hamarkadan. Herritik hiri handi baterako saltoa handia izan zen, baina poliki-poliki joan ziren Iruñeako girora egiten. Lanbide ezberdinak probatu eta gero, Ametsen fabrika eraiki dute bertan, euskal folklorean oinarritutako txotxongilo, buruhandi eta erraldoien unibertso txikia.
Gurrutxaga anaiek Legazpikoak dituzte haurtzaroko oroitzapenak. Aitona, jatorriz araiarra, 36ko gerraren ondoren joan zen Legazpira bizitzera. Amonarekin batera, Gurrutxaga bodega ireki zuten han, egun Izadi Zaleak mendi elkartearen egoitza dagoen lekuan. Bodega 60. hamarkadan itxi zuten, baina familiak ostalaritzaren tradizioari jarraipena eman zion. «Osaba Migel eta izeba Begoñak Gurrutxaga taberna ireki zuten ondoren, Kale Nagusian. Orain dela gutxi tabernaren 50. urteurrena ospatu dugu», zehaztu du Josebak.
Aitak Patrizio Etxeberria lantegian egiten zuen lan, baina Josebak aipatu duenez, lantegian «arazo batzuk» izan zituen, eta orduan hartu zuten Iruñeara joateko erabakia. «Aitaren Legazpiko zenbait lagunek etxetresnak egiten dituen Koska enpresa ireki zuten garai hartan, eta bertara joan zen lanera». Iruñeako San Jorge auzoan jarri ziren bizitzen.
Hasierak gogorrak izan zirela oroitzen du Mitxelok, «aldaketa handia izan zen. Astebururo Bergaresa hartu eta Legazpira bueltatzen ginen lagunak eta familia bisitatzera». Baina, poliki poliki joan ziren bertako bizitzara egiten. Joseba aitarekin hasi zen lanean Iruñean, eta Mitxelok, bien bitartean, oinarrizko ikasketak amaitu zituen.
Soldaduska amaituta, zenbait lanetan aritu ondoren hasi zen Mitxelo artisautzaren munduan lehenengo urratsak ematen. 1979an, Bartzelonara egindako bidai batean hasi zen dena. «Rambletako postuetan artisautza lan asko ikusi genituen. Panpinak egiten zituen artisau bat ezagutu genuen, eta nik ere horrelako zerbait egin nezakeela iruditu zitzaidan. Beti izan dut eskuekin gauzak egin eta sortzeko abilezia».
Euskal folklorearen ikur
Lanik gabe zegoen orduan Mitxelo, eta askotariko figurak eta panpinak egiteari ekin zion, «intxaurren oskolekin barkutxoak egiten nituen, irudi mugikorrak, ispiluak apaingarriekin, panpinak…». Hasiera batean asko saltzen zuten eta, lokal bat erosi eta denda ireki zuen Iruñeako alde zaharreko San Anton kalean. Josebak etxetik kanpora lan egiten zuen, «baina ahal nuen guztian laguntzen nion anaiari», zehaztu du.
Poliki-poliki irudiak garatuz joan ziren, eta 80. hamarkada hasieran euskal folklorean oinarritutako piezak egiten hasi ziren. «Gorputz osoko panpinak egiten zirela ikusita, buruak egin eta txotxongiloak egiteko ideia bururatu zitzaidan», dio Mitxelok. Ideia horretatik sortu ziren erraldoiak, buruhandiak, kilikiak, eta beste hainbat pertsonaia, Ametsen fabrika deitu zioten unibertsoan. Urteekin, horiek bihurtu dira beraien ikur eta nortasunaren adierazgarri.
Iruñeako bildumako erraldoi guztiak, Gasteizkoak, Tuterakoak, Peraltakoak eta Tafallakoak egin dituzte, baita kiliki eta buruhandiak ere, «Patata, Verrugas, Coletas, Barbas, eta gure ikur bihurtu den Caravinagre ezaguna ere bai, besteak beste», dio Josebak. Denda 1997an itxi zuten bi anaiek, «kanpotik etorritako artisautza produktuak saltzen zituzten denda asko ireki ziren. Ezinezkoa zen haiekin lehiatzea, eta denda itxi behar izan nuen», azpimarratu du Mitxelok.
San Anton kaleko lokala
Denda itxi bazuten ere, San Anton kalean, oraindik orain duten tailerrean txotxongiloak egiten jarraitu zuten. Orduan, azoketara sarriago joaten hasi ziren, euren produktuak saltzeko bide bakarra zen hura. «Lehenago ere joaten ginen arren, denda itxita azoka gehiagotara joaten hasi ginen: Iruñea, Errenteria, Getxo, Olaberria, Ordizia, Urretxu-Zumarragan Santa Lutzi azoka, Plentzia…». Bizimodu gogorra dela aitortu dute biek, baina esperientzia on asko eman dizkiena ere bai. «Amets asko egin dugu, ezagutza asko elkartrukatu eta lagun asko ezagutu», azpimarratu du Josebak.
Txotxongiloak eta panpinak egiteaz gain, 1997ko San Fermin jaiak iragartzeko kartel lehiaketa ere irabazi zuten. «Gure Caravinagreren irudia oso ezaguna egin zen», dio Josebak. Izan ere, San Ferminak oso barrutik bizitzen dituzte urtero bi anaiek. Irudian ikusten den gurditxoarekin ateratzen dira biak, kilikiz jantzita txotxongiloak saltzera. «Harrigarria da zenbat jendek eskatzen digun beraiekin argazki bat ateratzeko», zehaztu dute.
Oraindik, San Anton kaleko lokalean jarraitzen dute panpinak egiten, modu xumeagoan, Mitxelok kanpoan lan egiten baitu. Hala ere, Ametsen fabrikak, bide luzea duela iragarri dute bi legazpiarrek.