Atez atekoa finkatzeko bileretan 600 lazkaotarrek parte hartu dute
Lazkaon hondakin bilketa sistema berria zehazteko orain arte egin diren bederatzi bileretan «600 lagunek baino gehiagok» parte hartu dute, Sasieta Mankomunitatearen datuen arabera. Ekainaren 25ean hasi zen batzar sorta, aurkezpen orokorrarekin; eta bihar bukatuko da, atez ateko sistema behin betiko nolakoa izango den aurkezteko beste batzar orokor batekin. Areria antzokian da, bihar 18:30ean.
Bilketa ereduan bi gai geratzen dira erabakitzeko, etxe multzo edo atari bakoitzak hartu beharrekoak. Batetik, papera eta kartoia biltzeko norbere ontziaren ordez komunitate osorako balioko duen edukiontzi gurpilduna nahi den erabaki behar da. Bestetik, hondakinen ontziak ateratzeko zutabeak non kokatu.
Proposamenak ostiralerako
Udalak berak zintzilikarioen kokapenaren proposamena egina dauka, atari bakoitzarentzat. Udal webgunean (lazkao.net) edo udaletxean ikus liteke etxe bakoitzekoek nora atera behar duten. Beste proposamenen bat egiteko epea ostiralera bitartekoa da. Eskaera-orria bete, eta udaletxean aurkeztu behar da (webgunetik deskarga liteke orria). Papera edo kartoia ateratzeko komunitateko ontzia nahi den ere ordurako jakinarazi behar da. Aurkakorik esan ezean, udalaren proposamena ontzat hartu dela ulertuko dute.
Atez ateko sistemari buruzko zalantzak argitzeko nahiz informazioa emateko bulego bat zabaldu du Sasieta Mankomunitateak, Lazkaon. Udaletxean egongo da teknikari bat, astelehenetik ostegunera 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, azalpenak emateko. Telefonoz dei dakioke (943 08 68 45), edo mezu elektronikoa idatzi (lazkao@sasieta.net).