Baratzegintza ikastaroaren lehen urtea osatu du Goierriko Karitasek
Baratzegintzak eta nekazaritzak orokorrean ez dute oporrik. Ezta langintza ikasten ari direnek ere. Batetik, lanik ez dutelako, oporrak izateko ere. Bestetik, lurrak eta zeruak agintzen dutelako noiz lan egin, gehiago egin duen udaberri urtsuaren ondotik. Lazkaoko Zistertar mojen komentuko baratzean ezohiko mugimendua izan da. Goierriko Karitasek antolatutako baratzegintza ikastaroa ekainean bukatu zen, baina «mantentze lanak» egiten jarraitzen dute.
Goierriko eliza-parrokia guztietako koordinakundea da bailarako Karitas. Beharra duenari lehen laguntza ematea dute eginbehar; horiek ase ondoren, «bizitza duin bat egiten laguntzea» ere bai, Karitasen baratzegintza ikastaroaren koordinatzaile Juan Manuel Barandiaran ataundarrak dioen bezala.
Bukatu berri den ikasturtean jarri dute estreinakoz abian baratzegintzaren ekimena. Erakunde publikoetatik oinarrizko diru laguntza jasotzen dutenei zuzenduta dago. «Asistentzialismoa XVIII. mendetik honaino estatu totalitarioek egin dute; emandakoa jasotzeak menpekotasuna sortzen du, eta bizio bat. Hori gainditu nahi dugu, etorkinak edo gizartearengandik laguntza jasotzen dutenak beraiek izan behar dute beren bizitzaren oinarria duintasunez eraikitzeko gai», azaldu du Barandiaranek, Zistertarren Lazkaoko komentuko baratzean.
Hala, diru kopuru bat jasotzearen «truke», edo ordain, ikastaroa egiteko modua izan du lehen talde batek. Hamalau etorkin ibili dira, urritik ekainera —11 modu jarraitu batean—, tartean bi emakume. Ikastaroak bi urteko programa du. Lehenbizkoa, formazioarena, bukatu dute, klase teoriko eta saio praktikoekin; datorren lanurtean ekoizpenarekin murgilduko dira erabat, Lazkaoko komentu horretan bertan.
Boluntario lana
Ikastaroa gidatzen boluntarioak dabiltza. Barandiaran koordinatzaile dutela, Joxe Mari Garmendia nekazari lazkaotarra dute erakusle buru. Mikel Dorronsoro eta Joxe Goikoetxea beasaindarrak ere laguntzaile dira. Astean bitan, bina orduz jardun dira ikasturtean zehar, lan boluntarioan.
«Asistentzialismoa» gainditu ahal izateko, pertsonen «ahalmenak eta gaitasunak jorratzen lagundu» nahi dute Karitasekoek. «Trebeziak jorratzen laguntzen diegu, bide bat egin dezaten bizitza duina eraikitzeko. Asistentzialismo egoeran, normalean eman egiten da, eta musutruk. Karitasek ikusi du esperientzia hori ez dela ona, doan ematea ez dute mesedeko, beren duintasuna murrizten duelako. Horrela gu bihurtzen gara protagonista, lo ondo egiteko bakarrik da».
Ikastaroan aurten etorkinak bakarrik aritu badira ere, gizarte osoari zabaldu dio ekimena Karitasek. Diru laguntza publikoak kobratzen ari direnei zuzenduta dago, orokorrean. Baratzean ekoitzitakoa ikasleen artean banatzen dute, zati bat mojei utzita.
Zistertar mojen komentuko buru Candi Saratxaga pozik dago ekimenarekin. «Zoratzen gaude. Ikusten dugu lanean ondo ari direla, gauzak ikasten eta gozatzen. Lehen lurrak geuk lantzen genituen, baina orain ezin dugu». Klausurako komentua da, eta hogei moja bizi dira lekaimetxean.
Itxitasun hori «lehen bezalakoa ez» dela argi utzi du, ordea. «Irteten gara. Adineko ahizpak medikutara eramateko, erosketak egitera… Klausuraren zentzua ez da garai batekoa». Haiek irten soilik ez, kanpokoak ere pozik hartzen dituzte orain etxean.
Oinarrizko diru laguntza sozialak Gipuzkoan estatuko altuenak izateak eta langabezia tasa txikiena edukitzeak «dei efektua» du, etorkinen artean. «Ondoren, ordea, paradoxa gertatzen da. Langabezia baxua da, baina eskulan kualifikatua behar da Goierrin, eta etorkinak lan munduan sartu ezinik geratzen dira. Hala, Foru Aldundiaren laguntza, hilean 600 euro jasotzea, urrea da haientzat. Elkartasuna ezinbestekoa da. Gipuzkoarrak harro egon gaitezke».
Egoeraren aurren, parabola hartako bidea hartu du Karitasek: gose denari arrantzan erakutsi, arrain bat eman beharrean.