Ormaiztegiarrek erromeria ospatuko dute igande honetan Liernin
Igande honetan ormaiztegiarrek erromeria egingo dute Liernin. Auzo hau Mutiloarena da, baina Ormaiztegi ere oso gertu dago eta ormaiztegiarrek asko maite dute bi herrien artean dagoen paraje eder hau. Hala, erromeria antolatzen dute urtero.
Beti bezala, salda eta txorizo dastatzea, haurrentzako jolasak, meza nagusia, bazkari herrikoia, musika eta toka txapelketa egongo dira.
Urtean bi festa antolatzen dituzte Liernin: igande honetakoa eta Lierniko Amaren egunekoa. Azken hau irailaren 8tik gertuen dagoen igandean ospatzen dute. Bi egun hauetan jende andana elkartzen da Mutiloako auzo honetan, baina urteko gainontzeko egunetan ere bisitari asko hartzen ditu.
Mujika jatetxeko Maria Jesus Garmendiak ondo asko daki hori. Izan ere, 30 urte daramatza Liernin bizitzen. Bera Itsasondokoa da eta bere senarra Ormaiztegikoa. Duela 30 urte Lierniko jatetxea hartu zuten. Egun, Mutiloako auzo honetan zazpi bat familia bizi direla dio. «Astebururako etxea dutenak ere badaude», aipatu du.
Bertan «oso gustura» bizi direla aipatu du. «Ez dugu ezer faltan. Gainera, jatetxea dugunez, janaria etxera ekartzen digute. Zer edo zer behar dugun bakoitzean Ormaiztegira joaten gara. Auzoko haurrak ere bertako ikastetxera joaten dira. Herriko gainontzeko guztiak, berriz, Segurara joaten dira», azaldu du.
Lierni Mutiloa dela argi utzi du, baina ormaiztegiarrekin ere harreman oso ona du. Hala, bi erromeriez gozatzen du. «Guk bi festak sentitzen ditugu gure bezala. Izan ere, Ormaiztegira asko joaten gara eta bertakoak ere bagara pixka bat. Ormaiztegiarrek antolatzen duten erromeriak indar handia hartu du, baina duela urte batzuk galtzeko zorian egon zen», aipatu du.
Erromeriak ez ezik, ezkontzak, jaunartzeak, jaiotzak eta urteurrenak ere ospatzen dituzte Liernin. Izan ere, jende askok halako ospakizunak Mujika jatetxean egiteko ohitura du.
Beste asko goiz edo arratsalde pasa joaten dira auzo eder honetara. «Jende gehiena Goierritik eta Tolosaldetik etortzen da, baina badago beste eskualde batzuetatik etortzen den jendea ere. Antzuolar bikote bat, adibidez, astebururo etortzen da».
Astegunetan ere izaten dira bisitariak. Gaur goizean, adibidez, Anoeta eta Villabonako hiru txirrindularik Liernin geldialdia egin dute. Daniel Etxarri, Migel Nazabal eta Alberto Merino jubilatuta daude eta bizikletan ibiltzea da, hain zuzen ere, euren zaletasun nagusia.
Askotan etortzen dira Goierrira. «Hemendik Mutiloara jaitsiko gara, ondoren Segurara joko dugu eta handik etxera. Beste batzuetan Gabiriatik Legazpira joaten gara».
Etxarrik eta Merinok Lierni aspalditik ezagutzen dute, baina Nazabalek gaur ezagutu dute. «Oso toki ederra da», esan du. Bere bi lagunak, berriz, askotan egon dira Mutiloako auzo honetan. «Zikloturisten artean oso toki ezaguna da. Gehienak zuzenean Mutiloara jaisten dira, baina guk kafea hartzeko geldialdia egitea erabaki dugu. Ez dugu inongo presarik».
Kafea hartu ondoren, Mutiloara jaitsi dira. Hori bai, lehenago erromeriari buruz galdetu dute. Beharbada igandean emazteekin etorriko dira.
Lierniko erromeria
-11:30etik aurrera. Salda eta txorizo egosi dastatzea.
-12:00. Haurrentzako jolasak.
-13:00. Meza ermitan. Ondoren, Urmaiz abesbatzak kontzertua eskainiko du.
-14:30. Bazkari herrikoia. Aurten paella prestatuko dute. Udalak parrillak jarriko ditu.
-16:00. Erromeria Ezten Giro taldearekin.
-18:00. Toka txapelketa ormaiztegiarrentzat. Irabazleak Mujika jatetxeak oparitutako bi pertsonentzako bazkari edo afari baterako txartela jasoko du. Izen ematea: 17:45ean.
Oharra: Aparkaleku arazoak direla eta, oinez igotzea edota autoak betetzea eskatzen da. Mahaiak eta aulkiak bakoitzak bere etxetik eraman behar ditu.