Saharatik etorritako haurrei ongietorria egin diete Beasainen
Gaur eguerdiko 13:00etan ongietorria egin diete Sahada Sahara elkartearen bidez Goierri Behera uda pasatzera etorritako bost haur sahararrei. Neskatila saharar batek gaurko ongietorrira etortzerik izan ez badu ere, seirentzako opari bana ekarri ditu Gurutze Gorriko Arantxa Baztarrikak. Bakoitzarentzat eskolarako motxila bana ekarri du, barrua eskolako materialez beteta. Haurrek gustura hartu dute oparia. Jarraian, haur bakoitza uda pasatzera etorri den herriko argazkiak eman dizkiete eta herri bakoitzarekin mural bana egin dute haurrek.
Mediku errebisioak egin eta elikadura orekatu bat ematea da haurrak Goierrira ekartzeko helburu nagusia, kanpamenduetan “geroz eta egoera larriagoan” daudela salatu baitute. Dirulaguntzak asko gutxitzen ari direla esan dute eta bi hilabeteetarako erreserba bakarrik gelditzen zaiela azaldu dute. Haurrak ekartzera ere jende gutxiago animatu da aurten hemen: 130 haur gutxiago ekarri dira aurten Euskal Herrira (EAEN 350 ekarri dira guztira). Horrez gain, Argelia eta Maliko gatazkaren ondorioz, bisitan ere ezin izan dutela joan esan dute.