«Ehunmiliak tresna bat da, edozeinek erabil dezakeena; baina denen ongizaterako»
Ehunmiliak lasterketaren antolatzaileek Beasainen duten lokalean denetik dago. Plangintza arbelean, mahai luzea bileretarako, hiru dimentsioko Gipuzkoako mapa, kartelak, esku-orriak… Irabazleentzat sariak jaso berri dituzte, elkarrizketa hau egin denean. Zeramika taldekoek sortu dituzte. Mikel Valdivielsoren (Beasain, 1977) telefonoa ez da isiltzen. Probarako hiru aste falta direnean, lasai dagoela dio. «Sekula egon naizen lasaiena. Nik egin beharrekoa egin dut».
Ehunmiliak proba zer mailatan dago nazioarteko eskalan?
Ez nuke esaten jakingo. Urtetik urtera atzerrian geroz eta proba gehiago dago, eta apustu sendoagoak egiten dituzte. Ez dakit erraztasun gehiago duten, zeren haiek ere ziur lan bikaina egiten dutela urte guztian. Baina sentsazioa dugu hemen hainbeste kostatzen zaigula, eta atzerrian proba berri bat ateratzen dutela eta bat-batean hazten dela. Estatu mailan oso goian gaude, lehendabizikoak ez bagara, hortxe. Iazko balorazioan lehendabizikoak izan ginen. Atzerrian koska bat falta zaigu ezagutza maila bat edukitzeko. Ezin dugu apustu sendorik egin komunikazio aldetik, diru iturri garrantzitsua eskatzen duelako, eta ez daukagu. Orduan, gure bitartekoa ahoz ahokoa da; jendea ekarrarazi hona, eta beraiek hitz egin dezatela. Baina, Europan ere, jendeak esaten duenagatik, antolakuntza mailan behintzat oso goian gaude.
Zertan dago koska bat igo beharra?
Gure gabezia komunikazioa izan da, lehenengo urtetik. Espainia mailan Salomon ikustea besterik ez dago, hark antolatzen dituen lasterketak. Zegama-Aizkorrin zer lan egiten duen, Transvulcanian… Baina atzetik hamar lagun urte guztian horretarako lanean daude, profesionalak gainera. Guk hori ezin dugu amestu. Hemen denek boluntarioki lan egiten dugu, ahal dugun ondoena. Baina gure gabezia nabarmenena hori da. Aurten oso gustura gaude, 650 partaide inguru edukiko ditugu, jauzia nabarituko dugu. Noraino iritsi nahi dugun neurtzen ari gara orain. Lehenbizi, edizio hau pasatu, gainontzekoak bezain ondo atera, eta irailean hausnarketa egingo dugu.
Komunikazio lanketa horrek zer suposatzen du?
Jende bat egotea horretara, gau eta egun. Sare sozialetako tresnei sua atera behar zaie, egunero-egunero. Horrez gain, atzerriko aldizkari garrantzitsuenekin harremanak izan, artikuluak ateratzeko.Aldizkari bereiztu batean orrialde bat 2.000 euro da; izugarrizko potentziala du, astebukaera batean 20.000 eskutara iritsiko delako. Baina ezin da. 2.000 euro horiek anoa guneak ordaintzeko ditugu. Ura kendu behar dugu? Agian egun batean apustu hori egin beharra dago. Ez gara arriskatzen gehiegi ereitera; hazia botatzen dugu tarteka, baina ez agian behar adina, momentuan horrek suposatzen duenagatik. Baina ez dakigu neurtzen momentukoa gerora zer izango den.
Hastea zaila izan ohi da, edonon. Egonkortzea kostatu egiten da gero, eta zer esanik ez etorkizuna ziurtatzea. Zer fasetan dago Ehunmiliak?
Nik uste dut egonkortzen ari garela. Ni oso metodikoa naiz, eta halako proiektuetan ezin da martxa bizkortu. Hasieran esan nuen, gauzak egin behar baditugu, ondo egingo ditugula. Oinarri ona jarri, eta hortik guk nahi dugunera arte. Orain berdina pasatzen da. Ahalmena badugu azkarrago joateko, baina ez dugu egiten ez daukagulako seguru egingo dugunak ez karrera hobetuko duenik, ez fruiturik emango duenik. Jendeak badaki Ehunmiliak eta G2H daudela, eta gure alde apustua egiten dute. Ondo gaude, eta badauzkagu tresnak pauso gehiago emateko. Baina ikusten dut ezin naitekeela frente batean sartu, badakidalako beste bat zaindu gabe utziko dudala. Goazen ondo finkatzera behingoz, eta horiek jada menderatuta dauzkagunean… Orduan, beste urtebete egonkortzen pasatuko dugula uste dut, gutxienez.
Zuk esana da: Ehunmiliak izatea nahiko zenukeela zuk egin beharreko proba batean aurkitzea gustatuko litzaizukeena. Hori lortu duzu?
Ni oso gustura nago eskaintzen dugun probarekin. Ni ez naiz Ehunmilietako korrikalaria, baina ematen ditugu zerbitzu batzuk niri, bere garaian —badira lau urte lehiatzen ez dudala— ematen ez zizkidatenak. Arreta bat, sekula korrikalari bezala eduki ez dudana. Horregatik, jendearen ahotan oso ondo kokatuta gaude, proba bezala. Duela sei edo zazpi urte esanez gero orain nolakoa den… oso altu iritsi gara. Oso altu iritsi ginen jada lehenengo urtean, eta guk ere bertigo pixka bat hartu genuen. Kalitate handiko proba bat eskaintzeko gai izan ginen hain baldintza txarretan; orduan, gutxienez maila hori mantendu beharra daukazu, eta jaisten baduzu egurra jasoko duzu. Nire buruan zegoen proba, nolabait, plasmatzea lortu dugu Ehunmilietan. Orain beste ikuspuntu bat daukat, eta gauza asko egingo nituzkeen duela zazpi urte pentsatuko ez nituenak; adibidez, teknologikoki aurrerapen oso onak egon dira, lehen ez zeudenak. Gauza batzuk egingo nituzke. Datorren urtean, EHM baldin badago, nik uste egiteko gai izango garela.
Orokorrean, zer falta zaio Ehunmiliak probari?
Behin eta berriz esango dut komunikazioa dela gure arazo handiena. Hori edukiko bagenu, EHM beste gauza bat izango litzateke. Kontuz, ez dut esan nahi hori edukita guk nahi dugun EHM izango zatekeenik. Zeren, askotan arrastoa non dagoen ez da jakiten; batzuetan eskuetatik joaten zaizu. Adibide bat jartzearren, kanpoko enpresa bat etorri eta EHMen alde apustua egiten du, eta komunikazioaz bera arduratzen da; baina igual zuk nahi ez duzun zentzuan. Marka indartsu bat sartzen denean, hark tiratzen du azkenean, eta joan beharra daukazu nahitaez.
Bolantea norberak erabiltzea, azkenean.
Hori garbi daukagu. Sortu zenean esan genuen bolantea inork gehiagok ez zuela edukiko. Edukiko dute euskal herritarrek, gipuzkoarrek, goierritarrek, denek. Baina sekula ez genuela hau enpresa baten esku utziko. Hori, uste dut, nahiko ikuspegi orokorra izan zela.
Alderantziz, zein da indargunea?
Boluntarioak. Horiek dira gure potentziala. Milioi bat euro eduki ditzakegu antolatzeko, baina boluntariorik gabe ez ginateke ezer izango. Boluntarioak dira bizia, gure motorra, ilusioa, indarra. Dena da. Jende hori —ia 1.200 lagun, edo gehiago— ikustea asteburu batean EHMen alde, flipatu egiten dut nik. Kilian Jornet etorriko da; oso ondo, korrika egin du, bikain, eta izugarrizko meritua du. Baina meritua daukate ordu pila batean Aralarren, baldintza ezin okerragoetan aguantatzen dutenek. 29 herri ukitzen ditugu, eta EHM pasatzen ez den herrietako jendeak ere laguntzen digu. Hori aberastasun sinesgaitza da. Gainera, era guztietako jendea, kolore eta ideologia guztietako jendea ibiltzen da. EHMek denak pilatzen ditu. Udal batek baino gehiagok hori eskertu egin digu. ‘Bazeuden kuadrillak elkar ikusi ezin zutenak, eta EHMek batu egin ditu, hor egon dira trago batzuk hartzen, laguntzen…’ esan izan digute. Arlo sozial hori da gure pisu garrantzitsuena.
Hori hasieratik lortu zen, ezta?
Hasiera-hasieratik, lan asko eginda. Herri guztietara joan eta inondik ezagutzen ez genuen jendeari proiektua azaldu genion. Asko eskertzen dugu guregan jarri zuten konfiantza, ez delako erraza: ezezagun bat etortzen zaizu, saltzen dizu proiektu bat, eta nora sartzera noa ni? Konfiantza jarri zuten, eta aurrera.
Goierriri, eta inguruko eskualde batzuei, zer ekarpen egin die EHMek?
Urteroko hausnarketan baloratzen saiatzen garena, baina gure bitartekoekin neurtzeko gai ez garena da hori. Nik uste, EHMek eta G2Hk Goierriri askoz ere ekarpen handiagoa egiten diela, Goierrik EHMi ematen diona baino, orokortasun batean hitz eginda. 650 partaide, bakoitzak 2-3 laguntzaile edo familiako… jende pilo bat da. Asteburuan hotelak beteta, tabernak gainezka. Termometro bat dugu: EHM bukatzen denean garagardo bat hartzera joaten gara, eta ‘hurrengo urtean ere egingo da, ala?’ esaten digute inguru honetan guztian. Turistikoki garrantzitsua da, Goierri Turismotik egiten den hausnarketa oso positiboa da. Ekonomikoki ere proba garrantzitsua bihurtu da, eta Beasaini eta inguruko eskualdeei ere berea ematen die. Gero, sozialki sortu den sare hori dago. Oraindik, gainera, lortuko dugu ekarpen gehiago izatea: aldizkarietan azalduta, Goierriri buruz artikuluak idatzita, bi parke naturalei buruz… Funtsezkoa da. Espainian 13 parke natural daudela uste dut; guk bi dauzkagu 20 kilometroan. Horren alde apustu egin beharra dago.
Halako probei zer aukera ikusten dizkiezu, eskualdearen onurarako?
Izugarrizko potentziala ikusten diet. Horretarako jendearen inplikazioa behar duzu, jendeak benetan sinistu beharra dauka. Hasieran arazo bat zegoen: jendeak sinismen gutxi zeukan gugan. Proba egonkortzeak jendearen ikuspegia zabaltzen du. Guk beti esan dugu: EHM erreminta bat da, edozeinek erabil dezakeena, baina denen ongizaterako. Zergatik ez dugu erabili behar EHM beste festa bat muntatzeko, jendea inguratzeko, ez dakit zer egiteko? Baina antolatu. Jendea benetan inplikatzea, sinistea eta egitea behar dugu. EHM ez da kirol ekitaldi bat bakarrik. Gauza asko dauzka, eta goazen aprobetxatzera. Antolakuntza batzordean hain lotuta gaude EHMri, ezen lasterketaren esparrua bakarrik ikusten dugula, ez garela gai beste gai horiek lantzeko. Benetan, behar dugu jendea kanpotik etorri, ideia horiek bota, eta inplikatuko dena. EHM oraindik ustiatu gabe dago, zero. Kanpoan ikusten dudanagatik, Mont Blancera joan eta hango ultratraila ikusten duzu, eta txispak nonahitik ateratzen dizkiote. Horregatik mugitzen da halako jendetza. Alemaniara joan, eta ikaragarria da. Zukua ateratzen diete. Batzuek berekoikeriaz ere baliatzen dira, baina beste jende askok tresna bat bezala hartzen du. Ikuspegi hori behar da. Badakigu garaiak oso zailak direla, inork baino hobeto dakigu nola dauden laguntzak, jendea nola dagoen. EHM, azkenean, jendearentzat luxu bat da momentu honetan, baditu beste lehentasun batzuk. Eta onartzen dugu, egoera dagoen bezala. Baina, baita ere, guk egin duguna, epe ertain batera ikuspegia edukitzea, ez da txarra izaten. Ez momentukoa bakarrik, begiratu ezazu pixka bat harago. Ikusi garapena, ikusi nola joan garen eta nola zabaldu garen. Honek oraindik badauka bidea.
Berrikuntzarik edo aldaketarik bada aurten?
Beno, aurten nobedadea da Ehunmiliak badagoela. Urte guztia daramat hori esaten. Gauden egoeran, eta orokorrean dagoen bezala, antolatu izana lorpen oso garrantzitsua da. Ideia batzuk bagenituen, karrerari kalitate aldetik beste bultzada txiki bat emango lioketenak, baina ezin izan ditugu txertatu, gu ere murrizketatik murrizketara joan garelako. Arriskurik ez dugu hartu; nahiago izan dugu igerilekua erdi beteta dagoela ikusi, apustu dena hor gauzatu eta gero urik gabe aurkitzea baino. Hartara, kolperen bat hartzen badugu, kolpe txikia izan dadila.