Iaz baino ehun lagun gehiago
Beste behin ere errekorrak hautsi ditu Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak probetako izen emateak. Iaz bi probetako partehartzaileak gehituta 495 lagunek parte hartu zuten; aurten, berriz, 625 izango dira ostiraleko irteeran egongo direnak. Iaz ez bezala, aurten bi probetan egin du gora korrikalari kopuruak. Jendetza ibiliko da, beraz, Euskal Herriko mendi lasterketen artean luzeena eta askoren ustez gogorrena ere baden honetan. Ehunmiliak proban parte hartzen dutenek 168 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Gipuzkoako mendate nagusietan barrena. Goierriko 2 Handiak proban, berriz, 88 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek.
Boluntarioak izango dira aurten ere probaren arima eta oinarri sendoena
Ehunmiliak eta G21H bezalako probak antolatzeko eta gauzatzeko ezinbestekoa da laguntza. Ekonomikoak garrantzia handiela duela esan beharrik ez dago, baina boluntarioena da kasu honetan bi proben arima. Antolatzaileen ahotan eta adierazpenetan, besterik ez dabil, eta askorentzat boluntarioek egiten duten lanari esker lortu dute bi probek horrenbesteko ohiartzuna. Aurten ere 1.200dik gora boluntario ariko dira lanean guztira; korrikalari bakoitzeko bakoitzeko bina boluntario baino gehiago.
Lasterketak zeharkatzen dituen 29 herrietan boluntario taldeak egoteaz gain, Euskal Herriko zein beste txoko batzuetako boluntarioak ere animatu dira aurten laguntzera, eta tartean izango dira, adibidez, Bilbotik eta Zornotzatik (Bizkaia).
Umore ona eta jai giroa izaten da nagusi boluntarioen artean, hori bai, gauzak ongi antolatu ostean. Izan ere, lan asko eta mota askotakoa egoten da banatzeko: proba baino lehen ibilbidea txukuntzen, bideak markatzen, dortsalak banatzen, informazioa ematen, anoa postuak hornitzen, poltsak jasotzen eta banatzen, motxiletan korrikalariek daramatena ikuskatzen…
Eskertzeko lana
Antolatzaileek beste behin proba hauek posible egiten dituzten boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkiete «eurak direlako probaren bihotza». Boluntarioen lanik gabe proba hauek «ezinezkoak» izango liratekeela diote.
Beste urteetan bezala, aurten ere boluntario guztiei elastiko bana emango zaizkie opari, egindako lana eskertze aldera. Aurtengoa Ternua etxeko elastiko gorri bat izango da. Korrikalariek, laguntzaileek eta ikusleek boluntarioengana jo dezakete informazio bila. Boluntarioen laguntzaz gain, laguntza ekonomikoa ere eskertu nahi izan dute «ekonomikoki garai onak ez badira ere, probako beharrak hasetzeko adina lortu» baitute aurten ere.
Ibilbide osoan zehar partehartzaileak animatzen aritzen diren ikusleak ere aipatu dituzte antolatzaileek, denen artean kirolaren festa handi bat den hau, laugarrenez, errealitatea delako.












