Lazkaoko atez ateko hondakin bilketa nolakoa izango den gaur azalduko dute
Lazkaoko Udalak eta Sasieta Mankomunitateak gaur bukatuko dute, Lazkaon, atez ateko hondakin bilketa sistema finkatzeko bileren prozesua. Emaitzekin eta ondorio orokorrekin aurkezpen batzarra egingo da, 18:30ean, Areria antzokian. Orduan jakinaraziko dute egutegia —egun bakoitzean zer gai atera behar den—, ordutegia, bilketa tokiak eta bestelako xehetasunak.
Parte-hartze prozesua ekainaren 25ean abiarazu zuten Lazkaon. Orduz geroztik egin diren bederatzi bileretan 600 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute, izan aurreneko batzar orokorrean, izan ondorengo sektorekako zein auzokako bileretan.
Bestetik, herritarrek hartu behar dituzten bi erabaki jakinarazteko epea ostiralera arte dago. Etxe multzoan papera eta kartoia ateratzeko ontzi komunitarioa jarri nahi dutenek udaletxean esan behar dute, uztailaren 12a baino lehen. Baita udalak proposatutako bilketa puntuaren ordez beste bat nahi dutenek ere, eskaera-orria beteta.
Sasietak informazio bulegoa zabaldu zuen astelehenean, Lazkaon. Udaletxean dago, beheko solairuan. Astelehenetik ostegunera 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egongo da teknikari bat, zalantzak argitzeko edo informazioa zabaltzeko. Telefonoz ere hots egin dakioke (943 08 68 45), edo posta elektronikoa idatzi (lazkao@sasieta.net).